Araba ESIk erradioterapiako tratamendu-ekipoetako bat ordezteko lanak hasi ditu, azken belaunaldiko berri bat instalatzeko

 

AUO Txagorritxuko azeleragailu zaharra ordezteko lanak direla-eta, azaroaren 19tik aurrera, paziente batzuek txanda berri batean jasoko dute tratamendua, eta beste batzuk –aldez aurretik jakinaraziko zaie-, Donostiako Onkologikora eramango dituzte bertan trata ditzaten

Datorren urtearen erdialdetik aurrera, 2.800.000 euroko inbertsioa aurreikusten duen Osakidetzaren eta Amancio Ortega Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, Araba ESIk azken belaunaldiko erradioterapia-ekipo berri bat izango du, Donostiako eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaletan daudenak bezalakoa.

Gaur egun, AUO Txagorritxuko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak erradioterapia-tratamenduak egiteko bi ekipo ditu, eta horietako bat, zaharrena, kendu egingo dute abenduan. Horren ordez, bada, azken belaunaldiko ekipo moderno berri bat izango du Araba ESIk, teknologiarik aurreratuena eta arretarik onena eskaini ahal izateko Arabako paziente onkologikoei.

Azeleragailu lineala hobekuntza garrantzitsua izango da Arabako pazienteentzat; izan ere, zehaztapen handi-handiarekin tratatu ahal izango dizkiete tumoreak eta mugitzen diren ehunak, eta albo-ondorioak murriztu egingo dira. Hobekuntza garrantzitsua izango da, halaber, Osakidetzako profesionalentzat, puntako teknologia izango dutelako beren lana egiteko. Aurrerapen teknologiko honek aukera terapeutiko ugari irekiko ditu gaixotasun lokalizatua eta/edo oligometastasikoa duten paziente onkologikoentzat, tokiko kontrolaren maila altuak lortuz morbilitate oso txikiarekin. Erosketa Osakidetzako ekipamenduak etengabe berritu eta eguneratzeko prozesu baten barruan egin da, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Ekipamendu berria instalatzeko prozesuan zehar -azaroaren 19tik datorren uztailera arte-, hirugarren txanda bat gaitu da AUO Txagorritxuko beste azeleragailu batean. Era horretara, ekipo berria instalatzen duten bitartean, kalitate handieneko arreta bermatzen jarraituko da, eta beste zentro batzuetara eraman behar diren paziente kopurua ahalik eta txikiena izango da. Gainera, hilabete horietan zehar, AUOko hiru txandetan artatu ezin diren paziente egonkorrak Donostiako Onkologikora desbideratzeko protokoloa ezarri da. Horretarako eratutako lantalde bat desbideratze-zirkuituaren jarraipena egiteaz arduratuko da, asistentziaren zein garraio kolektiboko anbulantzietan egingo diren Onkologikorako lekualdaketen kalitatea bermatzeko. Halaber, AECC – Espainiako minbiziaren aurkako Arabako Elkartearekin batera, lankidetza-protokolo bat ezarri da, Onkologiako pazienteak errazago lagundu ahal izateko.

Behin ekipamendu berria instalatzeko obrak amaituta, Euskadiko Onkologia Plan Integralari jarraituz, prozesu onkologikoko pazienteen arretarako punta-puntako erradioterapia-teknologia izango da Araban.