Araba ESIko Alergologia Zerbitzuak bere 50. urteurrena ospatu du

Joan den ostegunean, irailak 20, Araba ESIko Alergologia Zerbitzuaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia izan zen Vitoria-Gasteizko Goiuri Jauregian. Ekitaldian, mende erdi honetan Alergologia Zerbitzuan aritu diren edo zerbitzuarekin harremanetan egon diren 100 profesional inguru bertaratu ziren.

Gaur egun aritzen diren profesionalek eta aurreko urteetan aritutakoek ere euren ibilbidean eragin zuzena izan dituzten gertaerak ekarri zituzten gogora, norberaren pasadizoak elkartrukatzen zituzten bitartean.

Alergologia Zerbitzua 1968an eratu zen Santiago Apostolua Ospitalean. Hasieran, Barne Medikuntzaren menpeko unitate asistentziala gisa sortu zen, eta bi profesional zituen: Nafarroako Unibertsitate Klinikoan alergologiako formakuntza-egonaldia eginda zeukan Luis Fernández de Corres medikua, eta Maria Luz Valluerca erizaina.

Hamar urte geroago, zerbitzu asistentzial bilakatu zen. Hasieran Santiago Apostolua Ospitaleko behe-solairuan egon zen; ondoren, eraikineko B pabiloiko bigarren solairura aldatu zen, eta azkenik, 2013an, Kanpo Kontsulten eraikinean kokatu zen.

Bost hamarkada hauetan zehar, medikuntzako, erizaintzako, laborategiko eta administrazioko 150 bat profesional aritu dira Alergologian. Gainera, espezialitateko 20 egoiliar trebatu dira bertan, eta gainerako espezialitateetako 250 bat egoiliar ere bertatik igaro dira.

Alergologia Zerbitzua etengabe hazi da, hala giza-baliabideei dagokienez nola baliabide teknikoetan, izan ere gaur egun 27 profesional baititu.