Araba ESIko Pazientearen Segurtasunerako taldea

Pazientearen Segurtasunerako taldea diziplina anitzeko talde bat da; Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleko Arretako profesionalek osatzen dute; besteak beste, gure erakundearen barruan, pazientearen segurtasunaren kultura bultzatzen eta sustatzen dihardute, profesionalak eta lantaldeak bide horretan aholkatuz eta lagunduz.

Zein da egungo egoera pazientearen segurtasunari dagokionez?

Kontrako egoeren zergatiak askotarikoak dira. Badira gizakien akatsak, eta profesionalen aldakortasunak, antolamendu-hutsegiteek, eta abarrek erraztu egiten dute akatsak eta intzidenteak egotea.

Segurtasunaren arloan egindako ikerketa egin berrien arabera, paziente ospitaleratuen % 9,3k dute kontrako egoeraren bat, eta lehen mailako arretan kontrako egoeraren batekin artatutako pazienteen prebalentzia % 10,11koa da.

Ikerketa horietan deigarriena da ospitale-mailako kontrako egoeren % 50 saihets daitekeela, eta lehen mailako arretan, berriz, % 70.

Segurtasun Plana Araba ESIn:

Pazientearen Segurtasunaren inguruko marko estrategiko gisa, Osakidetzak «Osakidetzako Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-2016» dokumentu korporatiboa du. Dokumentu horretan oinarrituta, Araba ESIren Segurtasun Plana egin dugu. Hor aldi honetan garatu beharreko lerroak zehaztu ditugu.

Egungo lan-lerroak:

Honakoak lehenesten dira lan-lerro garrantzitsuen gisa:

  1. Ekintza-lerroa: Osasun-asistentziarekin lotutako infekzioen prebentzioa eta kontrola

Osasun-asistentziarekin lotutako infekzioak osasun publikoko arazo garrantzitsua dira, arretaren kalitatean duten eraginagatik. Infekzio nosokomialaren tasa txikitzeko, Araba ESIk hainbat ekimenetan parte hartzen du. Haien artean honakoak nabarmentzen ditugu: Zero Bakteriemia. Zero Mikrobioen kontrako erresistentzia, Zero Pneumonia, Zero Flebitisa.

Era berean, Prebentzio Medikuntzaren Zerbitzuarekin lankidetzan, eskuen higienearen (Munduko Osasun Erakundearen ekimena) estrategiaren garapena sustatzen dugu, profesionalak trebatuz.

  1. Ekintza-lerroa: Kirurgia segurua

Segurtasun Kirurgikoa Egiaztatzeko Zerrenda erabiltzea lotuta dago kirurgiarekin lotutako hilkortasun-tasa eta konplikazioen tasa nabarmen jaistearekin.

Segurtasun kirurgikoan sentsibilizatzea eta profesionalak Munduko Osasun Erakundeak proposatutako goian aipatutako zerrenda erabiltzea eta betetzea, 2007an pazientearen segurtasunaren estrategia abian jarriz geroztik: «Kirurgia seguruak biziak salbatzen ditu»

  1. Ekintza-lerroa: Pazientearen Segurtasun arloak Jakinarazteko eta Ikasteko Sistema (PSJIS)

PSJISaren asmoa akatsetatik ikastea da, eta helburutzat jo du gure ESIan intzidenteen jakinarazpen-kopurua sustatzea eta handitzea. Horretarako, pazientearen segurtasunerako taldeak sortzeko, garatzeko eta haiei jarraipen bat emateko sentsibilizazio- eta laguntza-saioak egiten dira, aldizka elkartzen diren eta haien jardun-eremuan jakinarazitako intzidenteak aztertzen dituzten unitateetan, zerbitzuetan eta lehen mailako arreta-unitateetan.

Intzidente horien azterketaren ondorio gisa, jardunbide egokien hainbat dokumentu sortu dira; INFOberriak buletinaren bidez zabalduko dira.

Lehen lauhilekoan, 249 intzidente jaso eta aztertu ditugu PSJISen bidez, eta horiek abiapuntu, zenbait txosten sortu dugu.

  1. Ekintza-lerroa: Erizaintzako zainketekin lotutako jardunbide egokiak

Presioagatiko ultzerak eta Erorikoak: Gainerako ESIekin batera, Erakunde Zentrala buru dituen ERORIKO EZ eta UPP ADI proiektuetan parte hartzea, bi protokolo sortzeko: bata presioagatiko ultzerari buruzkoa, bestea ospitaleko erorikoei buruzkoa eta pazienteei eta senideei zuzendutako materiala (diptikoak, bideoak…).

  1. Ekintza-lerroa. Pazienteak okerrik egin gabe identifikatzea

Pazientea gaizki identifikatzea da beste segurtasun-arazo garrantzitsu bat, eguneroko praktikak beste akats edo kontrako gertaera egitera eramaten baitu.

Asistentzia-prozesu guztietan segurtasuna hobetzeko, pazientea okerrik egin gabe identifikatzeko protokoloa ezarri dugu, profesionalak, pazientea, edozein prozedura edo zainketa egin aurretik, eskumuturrekoaren bidez, bisualki edo ahoz identifika dezaten inplikatuz. 

  1. Ekintza-lerroa: Gernu-kateterrari lotutako gernu-traktuko infekzioak (GTI) murriztea

ESIko profesionalek Zerbitzu Zentralen taldean parte hartzen dute gernu-zundarekin zerikusirik duten infekzioak prebenitzeari zuzendutako gomendioen dekalogo bat eta gida bat egiten. Era berean, gernu-kateterrari lotutako gernu-traktuko infekzioen intzidentzien azterketa bat egiten ari dira unitate batzuetan.

Komunikazio-plana:

INFOberriak buletinaren bidez eta lau hilabetean behin, pazienteen segurtasunarekin lotutako jarduera garrantzitsuenen berri emango dute, hala nola ikasteko balio dezaketen jardunbide egokiak, alertak eta txostenak.

Harremanetarako: seguridadpacienteosiaraba@osakidetza.eus