Badatoz Gabonak AUOra

Olentzero_Twitter

Arabako Unibertsitate Ospitaleak (AUO) Gabonetako programazio zabala eta askotarikoa prestatu du ingresatuta dauden pertsonentzat, plantillakoentzat eta 2015. urtean erretiratuko direnentzat.

Hilaren 10ean hasi ziren ekintzak: Aigam magoak Txagorritxuko sarrerako zuhaitz “magikoa” piztu zuen, eta ondoren ikuskizuna eskaini zuen ziberaretoan, Txarlyrekin batera, txiki zein nagusientzat. Eguna amaitzean, sariak banatu zizkieten aurten AUOn Gabonetako postalen haur lehiaketako irabazleei.

Gure ospitaleak omenaldia egingo die aurten erretiroa hartu duten pertsonei. Opari txiki bat eta ohiko argazkia emango diete, Hirugarren Adineko abesbatzak girotutako ekitaldi xume eta hunkigarrian.

Lautada abesbatzak, ohi bezala, Gabonetako kantak abestuko dizkie pazienteei eta euren familiei Txagorritxuko solairuetan zehar. Hilaren 21ean izango da, astelehenean, 17:30etik aurrera.

Gabon-gauan Olentzerorekin izango dugu hitzordua Pediatriaren solairuan. Aurten, lagun berezi izango ditu berekin: eskalatzaile talde bat leihoetatik sartuko da logeletan, ekintzari zirrara handiagoa emateko.

Baskonia, Araberri eta Alaves taldeko jokalariak ere ez dira faltako Gabonetako hitzordu horretan.

Aurten, lehen aldiz, Gasteizko suhiltzaleak Pediatria unitatea bisitatuko dute hilaren 28an.

Urtarrilaren 1ean, jada aski ezaguna den beste ekintza bat izango dugu: ‘Besapean ogia’ entregatzea 2016ko lehen haurtxo jaioberriei (lehen neskari eta lehen mutilari). Arabako Okinen Elkartearen ekimena da, eta aurten dagoeneko seigarren edizioa izango da.

Eta festak amaitzeko, Errege Magoen bisita tradizionala izango dugu: urtarrilaren 5ean, gauean, Santiago egoitzan eta urtarrilaren 6an, eguerdian, Txagorritxun.

Gure sukaldeko langileek esfortzua egingo dute 24an, 25ean, 31n, 1ean eta 5ean menu bereziak eskaintzeko pazienteei eta egun horietan guardian dauden langileei.

ZORIONAK GUZTIOI ETA URTE BERRI ON!