'BerriTantak' Berrikuntza saioak Araba ESIn: 'Errealitate birtual areagotua osasunean'

´BerriTantak´ Berrikuntza saioek profesionalei teknologia berritzaileak hurbildu nahi dizkiete, ideien sorrera zein proiektuen garapenerako lankidetza posibleak sustatzeko. Horregatik, aipatutako saioek enpresei zein erreferente diren pertsonei gonbidapena luzatzen diete, euren ezagupenak elkartrukatu ditzaten eta gure eremuan izan ditzaketen aplikazioen inguruan ikertu dezaten.  

Berrikuntzaren kultura sortzeko gakoetako bat etengabeko eguneraketa eta gure arloan sortzen diren ideiak ezagutaraztea da, era horretara izan ere, eguneroko arazoak konpontzeko era berriak asmatu daitezke.

Joan den uztailaren 12an izandako saioan, ikerkuntza aplikatuko eta garapen teknologikoko Estatuko lehen zentroa eta Europako garrantzitsuenetako bat den Tecnaliako Diego Sagasti izan zen gurean. Berak eta Araba ESIko Fisika Medikoko Zerbitzuko Gaspar Sánchez eta Jesús Cortés profesionalek errealitate areagotuaren aplikazio desberdinak azaldu zituzten, eta ´Gidatutako ziztadarako laguntzaile birtuala´ euren egitasmoa aurkeztu zuten.

Diego Sagastik errealitate birtual areatuago eta mistoaren teknologia eta aplikazio nagusien errepasoa egin zuen. Errealitate birtualean ikusten dugun guztia sintetikoa da, ordenagailuz sortua, itxura errealeko eszena edo objektu ingurunea nolabait. Bestalde, errealitate areagotua terminoa ondokoa definitzeko erabiltzen da: gailu teknologiko baten bitartez mundu errealeko ingurune fisikoaz lortzen den ikuspegia, gure ingurunea ez ezik, elementu desberdinen inguruko informazio garrantzitsua zein holograma formako bestelako elementu birtualak ere erakusten dizkiguna, gainjarrita. Errealitate mistoa, bestetik, errealitate areagotuaren finketa da, non elementu birtualek inguruneari erantzuna ematen dioten; izan ere mundu birtualak mundu errealarekin uztartzen dira denbora errealean. Uztartze horri esker, esparru berriak sor daitezke, objektu edota pertsona errealek zein birtualek elkar eragiten dutena.

Diego Sagastik teknologia desberdinak aipatu zituen: Microsoft-en ´HoloLens´ betaurrekoak edota  Google-ren ´Glass´-ak bezalako gailu sofistikatuak, eta bai gure mugikorretan erabil daitezkeen hainbat aplikazio ere. Amaitzeko, osasunaren arloan erabiltzekoak diren teknologiez aritu zen. Besteak beste, medikuntzako profesionalen trebakuntzari eta entrenamenduari zuzendutakoak, fobiak tratatzeko diseinatutakoak, edota paziente edo mendekotasuna duten pertsonei laguntzekoak azpimarratu zituen.

Gaspar Sánchez-ek eta Jesús Cortés-ek larruazalean zeharreko interbentzioak gidatzeko beren erremintaren prototipoa aurkeztu zuten. Aipatutako prototipoaPET irudiz gidaturiko biopsiarako gailua” deritzon hasierako proiektuaren bilakaera da, eta beari esker, bi sari garrantzitsu jaso dituzte Araba ESIko Fisika Medikoa eta Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuek. Lehena Massachusetts Institute of Technology (MIT) instituarengandik jasotako ‘Idea2 Global Fipse Medical Innovation Award’  saria da, eta bigarrena, Quality Innovation of the Year 2016 lehiaketako Berrikuntza Potentzialaren kategoriaren barruan eskuratutako ´Prize Winner´saria.

Erakustaldian, erabiltzailearen ikuspuntuaz gain, keinuen bidez interbentzio bat planifikatu daitekeela ikusarazi zen. Halaber, aplikazioa osatzen duten lantresna desberdinak berrikusi ziren eta euren funtzionamendua azaldu zen.

Araba ESIko Berrikuntza Batzordeak profesionalak animatzen ditu etorkizunean izango diren ´BerriTantak´ saioetan parte hartzera, eta bai interesatzen zaizkien berrikuntzarako arlo berriak proposatzera, gerora profesionalengana hurbil zitezkeen teknologia berriak ikertze aldera.