EGEA DOKTOREA AUKERATU DUTE LOAREN, BENTILAZIO MEKANIKO EZ INBASIBOAREN ETA ARNAS ZAINKETA LARRIEN ESPAINIAKO KOORDINATZAILEA

Carlos J. Egea doktorea, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitate Funtzionaleko burua, eremu horren Espainiako koordinatzaile aukeratu dute orain berriki.

Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak 48. Kongresua egin zuen ekainean Kanaria Uharteetan, eta, hautapen ireki bidez, Egea doktorea izendatu zuten Loaren, Bentilazio Mekaniko Ez Inbasiboaren eta Arnas Zainketa Larrien Espainiako Koordinatzailea, eremu horretako diziplinarik inportanteenetako bat.

Carlos Egearen jarduera intentsua biderkatu egingo da orain ardura handiko kargu honekin. 1.300 espezialista ordezkatzen ditu, eta erakunde lanak egiteaz eta urteroko bilerak antolatzeaz gainera, eremua orientatzea izango da haren lana; orobat, uda honetan horrelako patologietako esperientziak eta aurrerapenak zabaltzea patologia horien inguruko nazioarteko foroetan, gonbidatua izan baita Mexikora, Argentinara eta Parisera. Edonola ere, ez du alde batera utziko ikerkuntzaren alorra eta dokumentuak beste Elkarte inplikatu batzuekin prestatzearena.

Carlos J. Egea oso hunkituta dago izendapenagatik, "ohore eta pribilegiotzat" du, baina ohartzen da erronka handia dela.

Jakina da AUOko Loaren Unitatea erreferentzia bihurtu dela nazioartean hogei urte honetako populazio-azterketengatik eta puntako ikerketa lerroengatik.