Erradiofisika, zerbitzu ez oso ezagun bat

Fisika medikoaren espezialitatea orain dela urte asko sortu zen, pazienteen diagnostikoa eta tratamendua lantzeko. XIX. mendearen amaieran erradioaktibitatea eta X izpiak aurkitu izana da arreta-esparru horren jatorria. Garai hartan, jadanik hasi ziren isotopo erradioaktiboekin lanean, tumoreak tratatzeko. Lehen Mundu Gerran, berriz, izpiak erabiltzen ziren soldadu zaurituek metraila-lesioak non zituzten ikusteko. 20ko hamarkadan, fisikariak dagoeneko lanean ari ziren ospitale handietan.

Espainian, ordea, jarduera horren goraldi erabatekoa 60ko hamarkadatik aurrera etorri zen; izan ere, garai hartan, kobalto-ekipoak jarri ziren, medikuntza nuklearreko zerbitzuak martxan jarri, OTA, azeleragailu linealak (Osakidetza sareko lehena, hain zuzen, Txagorritxun jarri zen, 1985ean).

Arreta-egitura horretan, zer egiten dute fisikari mediko edo erradiofisikariek? Nagusiki, hiru arlotan aritzen dira: erradioterapian, izpietan eta medikuntza nuklearrean. Gure lanaren %70 onkologia erradioterapikoko pazienteei eskainia dago. Paziente bakoitzak tratamendu pertsonalizatu bat jasotzen du. Zehaztutako bolumenean dosirik onena zein den planifikatzen dugu, ahal den heinean inguruko organo osasuntsuak babestuz. Gero, azeleragailu linealetara bidaltzen dugu informazio hori, eta, pazientea heltzen denerako, teknikariak eskura ditu erradiazioa emateko datu zehatzak", azaldu du Marian Garcia Fidalgo zerbitzuburuak.

Erradiodiagnostikoaren esparruan, bermatzen dute ekipoek kalitate oneko irudiak ematen dituztela ahalik eta dosi txikiena erabilita. 2012tik, OTA ekipoetan pazienteei eman beharreko dosiari buruz Osakidetza egiten ari den azterlan batean parte hartzen ari dira, datuak Osabide Globalen jasota. Esperientzia aitzindaria da estatuan.

Beste lanetako bat (legeak agintzen duena, gainera) ekipoak ondo dabiltzala ziurtatzeko kalitate-kontrolak egitea da, ekipoak klinikoki erabili ahal izateko.

Langileen babes erradiologikoari dagokionez, erradiaziopean egoten diren langileen 500 historia dosimetriko aztertzen ditu zerbitzuak hilero, eta dosimetro pertsonalen aldaketak eta irakurketak kudeatzen ditu. Irakaskuntzan ere aritzen dira lankidetzan, erradiazioarekiko esposizioa duten langileak prestatzeko, ikastaroak antolatuz egoiliar, erradiologo baskular eta hemodinamista, erizain eta teknikarientzat, baita beren espezialitatean erradiazioarekin zerikusia duten saio espezifikoak behar dituzten zerbitzu guztientzat ere.

Ikerketa- eta berrikuntza-lanari dagokionez, nabarmendu behar da patente bat eskatu berri dutela Medikuntza Nuklearrarekin batera, PET irudiaren bidez biopsiak egiteko sistema baten asmakuntza dela eta.

Lan hori guztia konplexuagoa da egunetik egunera, eta, ondorioz, oso ezaguna ez izanik ere funtsezkoa den zerbitzu hau osatzen duten sei fisikari eta bost teknikariek gero eta denbora gehiago behar dute pazienteei eskaintzeko.