Profesionalei zuzendutako ‘Txertoei buruzko eskuliburu’ berria

Osasuneko sailburu Jon Darpónek, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsoro doktorea eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko presidente Itziar Astigarraga doktorea lagun zituela, gaur goizean aurkeztu du Donostian txertoei buruzko eskuliburu berria, txertoen arloko berritasunak eta gomendioak jaso eta gaurkotu dituena eta osasun publiko nahiz pribatuko osasun-langileek kontsulta- eta laguntza-baliabide gisa erabili ahal izango dutena.

Eskuliburua ondu dute Osasun Saileko, Osakidetzako eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko adituek eta lehen aldiz, heldu osasuntsuen txerto-egutegia barne hartzen du, baita haurdunentzako eta arrisku-taldeetan dauden haurrentzako nahiz helduentzako gomendio espezifikoak ere. Era berean, txertoen gaineko oharrei buruzko kapitulu bat du, atzerrira bidaiatzean arriskuak saihesteko.

Infekzio-gaixotasunen aurka egindako aurrerapenak, agertu diren txerto berriak eta txertaketa-programen etengabeko egokitzapenak kontuan hartuta, ezinbestekoa zen eguneratutako txertoen eskuliburua ondu eta argitaratzea. Funtsean, kontsulta-liburu praktikoa da, era funtzional eta ikusizkoan azaltzen dituena txerto bakoitzari dagozkion prozedurak –erabilera, manipulazioa eta txertoa ematea–, txertaketa-jarraibide egokiak, kontserbazioa eta hotz-katea eta txertoen erregistroa.

Osasuneko sailburuak aurkezpenean gogorarazi duenez, «txertoak osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko lagungarriak direla ukaezina da». Gainera, azpimarratu du beharrezkoa dela gizarteak ulertzea txertaketa-programak funtsezkoak direla osasun publikoarentzat; izan ere, «txertoak behar bezala eman badira, pertsonak babestuta gaude larriak izan daitezkeen gaixotasun batzuen aurrean, eta estaldura handia bada, gizarte osoa egongo da babestuta». Azken batean, «esku artean ditugunen artean, –esan du– neurri eraginkor eta onuragarrienetako bat dira txertaketa-programak».

Informazio gehiago:

Umeen txertaketa: 2 hilabete

Umeen txertaketa: 12 hilabete

Umeen txertaketa: 4 urte