Angélica Ibáñez Rica
Bioaraba Osasun Ikerketako Istitutuko Zuzendaritzako Idazkaria
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
4 urte hauetan aldaketak izan dira. Administrazio mailan hizkuntza barneratzen eta normalizatzen ari dela nabaritzen da. Adibidez, azken 4 urteotan Bioaraban zerotik abiatu gara eta pixkanaka hizkuntza normalizatzea lortzen ari da. Ez da erraza. Gure kasuan, errazagoa da beste hizkuntza batzuk erabiltzea, hala nola ingelesa. Horregatik, garrantzitsua da lortu duguna. Besteak beste, lan-eskaintzen, albisteen, ekitaldien, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen aurkezpenen argitalpena normalizatzeko lan egin dugu.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Euskarari buruz laguntza eta ekimen desberdinak edukitzea indargune bat da. Batzuetan euskaldun zaharrak ez garenok atzetik euskarri bat edukitzea garrantzitsua da eta nire ustez, indargune bat iruditzen zait hizkuntza bide zuzena bideratzeko.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Nik uste dut bide zuzenean gaudela. Lortu dugu normalizatzea.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Momentuz ez dut gogoratzen.
Aranatze López de Munain Berganzo
Fisioterapeuta
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Euskarari eman zaion bultzada. Ekintzak antolatu dira euskararen erabilera sustatzeko bai arlo formalean, bai prestakuntzan eta garrantzitsuena langileen arteko eguneroko lanean eta harremanetan.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Langile berrien indarra. Urtero belaunaldi berriak lanean hasten dira eta haiekin euskararen erabilera indartu egiten da.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Euskara gure lan hizkuntza bihurtu behar dugu, bere erabilera normalizatu egin behar da eta kalean eta etxean erabiltzen dugun bezala ospitalean ere erabili beharko genuke.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Umetxoak tratamedura etortzen direnean nire lehen aukera abesteko pintto-pintto da eta uste dut nire errepertorioa eguneratu beharko nukeela ezta?.
Eder Amondo Elorza
Aranbizkarra II Osasun Zentroko Erizaina
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Araban bereziki euskarari emandako bultzada, lantokiko eguneroko harremanetan eman zaion lekua. Nire ustez, gero eta zabalduago izaten ari da hizkuntza gure artean.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Lankideen konpromisoa, gehien bat. Azken finean, guztion artean lortu behar dugun erronka da esku artean duguna. Eskertzekoa da hori.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Lortu dugunetik abiatuta, euskararen erabilera hedatu eta normaltasun linguistiko hori errotu eta mantendu, horretan aurrera darraigun bitartean.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Duela pare bat urte, euskararen astea ospatzen ari ginela, Aranbizkarra II Osasun Zentrotik hurbil dagoen ikastolarekin bisita bat antolatu genuen umeek zentroarekin harremana izateko eta, beldurra kentzearekin batera, kontsultetan euskaraz mintzatu ahal zirela barneratu zezaten.
Jarduera polita iruditu zitzaidan, euskararen bitartez mediku zein erizainarekiko beldurra galarazteko modu berritzailea.
Elena Vera de Pedro
Pediatra
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Osasun arloetan eta Pediatriako kontsultetan zehazki, gero eta familia gehiagok euskara erabiltzen dute.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Orain arteko egindako esfortzua.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidake jendeak euskara gure lanmodua hobetzeko aukera moduan ikustea, mediku jakintzak eta profesionaltasuna inoiz ere baztertu gabe.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Gure pediatriako kontsultetan umeren batekin bere ama hizkuntza (euskara) hitz egiten hasten naizenean, nolabaiteko batasuna sortzen da. Geure pazienteak oso bereziak dira, umetxoek ez dute ulertzen zergatik dauden medikuarengan, horrexegatik paziente eta medikuaren arteko harreman onek eta komunikazioak izugarrizko garrantzia hartzen dute.
Esther Alegría Lasa
Agurain Osasun Zentroko Administraria
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Motibatzeko egiten diren esfortzuak. Egunerokotasunean zaila egiten zaigu tarte bat hartzea beste gauza batzuk egiteko eta azken aldian are gutxiago.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Langileen arteko harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko ekintzak.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Erakunde barruan euskara eremu guztietan normaltasunez erabiltzera.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Ez.
Feli González Lecanda
Emagina
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Lanean gero eta Euskara gehiago erabiltzen dela, bai bezeroen partez bai lankideen partez ere.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Euskararen bultzada, eta nire kasuan langileei emandako laguntza. Ama izateko prestakuntzan sakondu genuen, emagin talde batekin lana prestatzen...
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Gure lanean euskara eta gaztelania parekatzera.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Ama izateko prestakuntza ematen hasi nintzenean taldeko emakume batek bizkaieraz hitz egiten zuen eta ni, aho bete hortz geratu nintzen, ez nuen deus ere ulertzen, eskerrak konturatu zela eta batueraz jarraitu zuela.
Fernando Grande Gil
Mantentzeko ofiziala
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Arabako ESIn hasitako bidean, euskalduntzeko eta sail guztietara iristeko gogoa nabarmenduko nuke.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Euskararen talde osoaren eta zuzendaritzaren euskararen alde jarritako lan egiteko gogoak.
Halaber, zerbitzuekiko hurbiltasuna eta norbanakoaren beharrak ere nabarmenduko nituzke.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Nire ustez, Araba ESI osoan bakoitzak ezagutzen duen euskera erabiltzen saia dadila oso interesgarria izango litzateke. Eta, azkenik, denok gure eskuetan daukagun altxor kulturalaz eta erantzukizunaz jabetzea.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Erdal kultura batekoa naiz eta euskalduna. Ospitaleko arlo ezberdinetan zenbait lankide kexaka dagoenean euskararen kontra (zorionez euskarekiko halako jarrera gero eta pertsona gutxiago dagoela) azaltzen hizkuntzaren zailtasunak edo Euskal Herritik kanpokoak direla, orduan, nire jatorria aipatzen dut. Une horretatik aurrean, pertsona horrek elkarrizketa amaitutzat ematen da. Behin baino gehiagotan gertatu zait halako egoera.
Aitzakiarik ez, eta guztioi, animo handia eta aurrera bolie!
Javier Extramiana Cameno
Araba ESIko Urologia Zerbitzuburua
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Azken bost urteetan, Arabako ESIn, nabarmenak izan dira gertatu diren aldaketak euskararen arloan. Hizkuntza zabaltzen ari da eremu gehienetan, hori dela eta, euskararen erabilera gero eta gehiago handitzen ari da.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Aipagarriena, langile gazteen euskara erabilera gero eta indartsuagoa dela da, eta haiek bultzatzen gaituzte euskara erabiltzera.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Argi eta garbi dago, Gipuzkoako adibidea jarraitu beharko genuke euskararen zabalkuntza lortzeko.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Gaixo euskaldunekin euskara erabiltzen denean, haiek erakusten diguten konfiantza eta hurbiltasuna handitzea eragiten du beren errekuperazioaren prozesuan.
Jesus Larrañaga Garitano
Araba ESIko Zuzendari Kudeatzailea
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
Arabako ESIn 2015etik hau da, duela 5 urtetik ona euskararen bilakaeraren inguruko aipamen bakarra egitea ezinezkoa da.
Osakidetzako II. Normalizazio Planak jasotzen dituen irizpide guztietan aurrerapauso handiak eman baitira. Baita arlo profesional guztietan ere. Ezin da inork kanpoan utzi, denok izan dute bere garrantzia egindako aurrerapausoak eman ahal izateko.
Hori da izan dugun lorpen handiena, tantaz-tanta denon artean normalizaziorako bidea eraikitzen ari garelako.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Duda barik, estrategia propioa martxan jarri dugula. "Hizkuntzak piztu: bor-bor". Honen helburua, ezagutza eta hizkuntzak eskutik egitea ibilbidea du helburu.
Arabako ESIk euskararen erabilera areagotzeko dinamika ugari bultzatu eta bultzatzen ditu. Azkenengo 5 urteetan, hizkuntzaren erabilera, presentzia, sustapena hori indartzeko, 4 ebaluazio pasa ditugu Arabako ESIn. Ebaluazioak oso tresna baliogarriak izan dira.
Kanpoko adituen ekarpenak jasotzeko aukera eman baitigu. Izan ere hori bezain garrantzitsua izan da barneko langileen ekarpenak, beharrak, eta erabileraren ezagutza identifikatzea izan da eta horrek inplikatzen diren pertsona guztion artean lortutakoa da. Bi lerro hauen nahasketa edo hobe esanda, sortutako sinergia izan da emaitzak eta normalizazioan egindako aurrerapenak sendotzen lagundu gaituena. Agian batzuentzat ez dira nahikoa izango, baina ez dugu zerumuga galdu nahi eta modu naturalean eta pertsonen behar guztiak errespetatuz egin daitezkeen estrategiak abian jartzen jarraituko dugu.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Erakunde sanitario bat gara, oso erakunde handia, 6.000 langile baino gehiago dituena. Eta arlo ugari lantzen dituena eta horiek gure estrategian batuta daude. Elkarren artean aberasten elkarreragiten dutenak.
Laburbiltzeko hiru ildo nagusietan eta paraleloan batu ahal ditugunak dugu helburu:
Batetik erabiltzaile eta pazienteei arreta euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko pausuak ematen jarraitzea. Bestalde, profesionalen artean ere erabilera bultzatzea, eta azkenik irakaskuntza zein berrikuntzan bi hizkuntzak bere txokoa izatea. Hau da, barruan dugun ezagutza aktibatzea eta euskaraz ere partekatzea. Danon artean parte-hartuz eta erabilera bermatuz.
Hizkuntzen oreka bilakatzea da helburua, errespetuz eta naturaltasunez, horretarako danok, ahaleginak ere egin behar ditugu eta identifikatzen ditugun arloetan indarra jarri. Baina batez ere, ezagutza dauden horietan.
Norabidea ausarta eta zuhurra planteatu behar dugu, honekin zera esan nahi dut, egingarriak diren baldintzak bultzatzea, berrikuntzan eta aldi berean daukagun errealitatea errespetatuz.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Euskarak, pertsonalki, asko hurbildu nau langile askorengana, eta hori oso aberasgarria izan da. Niretzat oso berezia da atzerritarrei euskara erabiltzen entzutea. Badaude lankide ugari erakunde honetan ikasketa prozesua hasita daukatenak eta batzuk, maila polita dutenak ere. Lurralde desberdinetakoak direnak, Sahara, Venezuela, Kanaria irletakoak, Argentina...
Kirmen Uriberi New Yorkeko idazle batek adierazi zion bezala:
Euskara deigarri egin zitzaiola esan zidan. Bazuela gure hizkuntzaren berri aurretik ere, ezagutzen zituela euskaraz idatzitako testuak, Internetetik eta. Behin baino gehiagotan saiatu zela hitz horiek zer esan nahiko zuten asmatzen. Ezta hurrik ere. Baina zerbaitek atentzioa deitu zion: testuan agertzen ziren x guztiek.
“Altxorraren mapa ematen du zuen hizkuntzak” esan zidan, “gainontzeko letra guztiak ahaztu eta x letran soilik arreta jartzen baduzu, altxorra non dagoen jakin dezakezula ematen du”.
Ezagutzen ez duzun hizkuntza bati buruz esan zitekeen gauzarik ederrena zela hura bururatu zitzaidan, altxor baten mapa.
Kontxi Rodriguez Lapatza
Profesionales Arretarako Untitateko Atalburua
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
2016tik gaur arte asko aurreratu dugu euskararen erabileran gure erakundean. Kontuan izan behar da 2016an ESI bihurtu ginela, eta erronka garrantzitsua zen hori, bi erakunde erabat desberdin bateratzeko prozesua baitzegoen. Begiratu besterik ez dago nolakoak diren gaur egun kanpoko eta barneko harremanak Arabako ESIn, eta orain dela 4 urte. Uste dut ahalegin handia egin dela eta harro egoteko moduko emaitzak lortu direla.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
- Hizkuntza-paisaia erabat elebiduna.
- Kontsulta elebidunak.
- Euskarazko saio klinikoak.
- Zenbait tutoretza euskaraz egiteko aukera.
- Pertsona gehiagok erabakitzen dute beren lehentasunezko hizkuntza euskara izatea.
- Barne eta kanpo harremanetan euskararen erabilera nabarmen handitzea.
- Profesionalek euskararen erabilera gehiago inplikatzea, ahoz zein idatziz.
- Ikastaro gehiago euskaraz.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Bada, erakunde guztiz elebidun batera iristea gustatuko litzaidake, kanpoko langileek (pazienteak, bezeroak, hornitzaileak, etab.) zein barnekoek nahi duten hizkuntza, bata zein bestea, erabil dezaten, jakinik hizkuntza horretan artatuko dituztela inolako arazorik gabe. Bide horretan gaude eta guztion ahaleginari esker lortuko dugu.
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Duela gutxi, telefonoz deitu nion pertsona bati gai bati buruzko inkesta bat egiteko. Beti bezala euskaraz aurkeztu nintzen, eta adeitasunez agurtu ninduenez euskaraz, euskaraz hain atseginez erantzuten entzun nionean, euskaraz jarraitu nuen, eta honela erantzun zidan: "itxaron, itxaron, … naiz, ez naiz gogoratzen Amerikako zein herrialdekoa, eta ez dakit, baina saiatzen ari naiz". Egia esan, ilusio handia egin zidan beste herrialde bateko pertsona batek euskaraz erantzuteko eta ikasteko ahalegin hori egiteak. Motibagarria da, egia esan. Hemendik, ikasten ari diren pertsona guztiak zoriondu nahi ditut, baita elebitasuna aurrera ateratzen saiatzen ari direnak ere.
Ruben González Burguera
Zeladorea
Egindako bidean zer nabarmenduko zenuke?
2009an hasi nintzen Osakidetzan, hezkuntza, kirola eta aisialditik nentorren. Eta beti nire laneko hizkuntza euskara izan da, pozik hasi, egun on! beti nire lehenengo hitza. Eta laster hasi zen errealitatea: Buenos dias! leku askotan. Gaur egun "egun on"-arekin jarraitzen dut eta erantzunak aldatu dira euskararen mesederako. Termometro gisa hori erabilita esan behar dut lan txukuna egiten ari dela, euskalduntzea aurrera doala eta euskararen ikuspegia ez dela tituluetan bakarrik ikusten, zorionez gure egunerokoan entzuten dugu.
Zein indargune azpimarratuko zenuke?
Indargunea pertsonak dira, pertsona euskaldunak, ausartak, naturalak, kategoriko jendea. Horiek dira egunerokoan gogorazten digutenak euskararen balioa erabileran dagoela. Batzuetan olatu erdalduna eramaten nau eta entzutea "derrepenten" bat-batean euskara, harro sentiarazten nau, hor egon nahi dut.
Norantz abiatu eta heltzea nahiko zenuke?
Jo, ba, orain Euskaraldia dela eta buelta bat eman nion nire euskararen egoerari eta konturatu nintzen nire mugaz: alde batetik batzuetan ez zoaz euskararekin mingainean indar faltagatik hala egoera ez dudalako argi ikusten, horregatik nire euskara mugatua al dago? Hor sartu daiteke nire euskararen erabileraren bermea ez dagoela ziurtatuta eta nire adorea aurrera eramateko ahul samarra dagoela. Beste aldetik administrazioarekiko komunikazioa erdaraz egiten dut, batzuetan, ez galtzeko informaziorik. Ez naiz fidatzen nire ulertzeko gaitasunaz ala administrazioaren informazioa euskaraz ematerakoan konplikatzen delako da?
Baduzu pasadizorik edo une berezirik kontatzeko?
Lankide onak eduki ditut zorionez eta haietariko bat erdalduna zen eta euskaldun izatea jarreran dagoela erakutsi zidan, jeje!. Euskaldun "txarra" azento onakin. Lankide honek "egun on!" Ozen eta argi esanez egunero agurtzen gintuen, honek indarra ematen zidan nire euskara "laneratzeko", jubilatua dago, baina egunero berataz gogoratzen naiz.