Ana González-Pintok EHUko Psikiatria Katedra lortu du
Ana González-Pinto, Araba ESIko jarduneko Psikiatria Zerbitzuko buruak eta Bioaraba OII-ko ikertzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikiatria Katedra lortu zuen joan den martxoan
Martxoaren 23an egindako jendaurreko bilkuran, Ana González-Pintok azaldu zuen Euskal Herriko Medikuntza Fakultatearen jatorria Bilboko Medikuntza Fakultatea dela. Bilboko intelektual talde batek jarri zuen abian 1936an Basurtuko Ospitalean. Zentzu horretan, azpimarratu behar da lehen Psikiatria irakaslea Rodrigo González-Pinto izan zela, egungo katedradunaren aitona.
EHUko Psikiatria plaza Arabako Unibertsitate Ospitaleari lotuta dago. Araba ESIko jarduneko Psikiatria Zerbitzuko buruak plazak osasun-zentroekin lotzea defendatu zuen, ikasleek ezagutzak ez ezik, jarrerak eta trebetasunak ere bereganatu behar dituztelako. "Gaixotasun mentalaren estigma behingoz ezabatzeko biderik onena da", gaineratu du.
Ana Gónzalez-Pinto Psikiatria eta Osasun Mentaleko Espainiako Fundazioko presidentea ere bada, baita EHUren Gasteizko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko dekanordea eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Mentaleko Aholku Batzordeko kidea ere. Era berean, Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategia landu zuen lantaldeko kide izan zen.
Psikiatrak 600 artikulu eta liburu ugari idatzi ditu. Hainbat ikerketa-proiektutan ere parte hartzen du, besteak beste, Europako Horizonte 2020 programaren UPRIGHT proiektuan. Programa hori Osasun Zerbitzuen Ikerketa Zentruaren, Kronikguneren, gidaritzapean dago, eta adingabeen erresilientzia hobetzeko diseinatu da.
Era berean, CIBER, Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroak, osasun mentalaren arloan duen garrantzia azpimarratu zuen, "Psikiatriako ikerketa munduko lehen lerroan jarri baitu".
Amaitzeko, eskerrak eman zizkien bere zentroko laguntza-taldeari eta ikerketa-taldeari egunero ematen dioten laguntzagatik, eta gazteek ezagutzaren aurrerabidean duten balioa nabarmendu zuen.
Iturria: Gaceta Médica | ostirala, 2021eko martxoaren 25a