Arabako ESIak MASK-Ospitalea proiektua jarri du abian

Humanizazio-proiektu horri esker, ospitaleratutako pertsonek maskoten bisita jaso dezakete (txakurrak bakarrik), baldintza seguruetan, kontrolatuta eta osasun eta higiene-berme guztiekin

Ekimen honen helburua da pazienteen ongizate emozionala hobetzea ospitaleratuta dauden bitartean

Arabako ESIak, Arabako Albaiteroen Argi Legezko Elkartearekin lankidetzan, MASK-Ospitalea proiektua bultzatu du, osasun-arreta humanizatzearekin duen konpromisoaren esparruan. Ekimen horri esker, ospitaleratutako pertsonek maskoten bisita jaso dezakete (txakurrak bakarrik), baldintza seguruetan, kontrolatuta eta osasun eta higiene-berme guztiekin.

Ongizate emozionala eta lotura afektiboa

Frogatuta dago animaliekin kontaktuan egoteak gutxitu egin ditzakeela pertsona askok ospitaleratzean jasaten duten estresa, antsietatea eta isolamendu sentsazioa. MASK-Ospitalea helburu horrekin sortu zen: pertsonak beraien maskotekin duten lotura afektiboa berriz lotu, kontsolamendu, konpainia eta alaitasun uneak sortuz.

Bisitak modu oso arduratsuan daude programatuta, eta Arabako ESIko Medikuntza Prebentiboko Zerbitzuaren eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia dute.

Nola kudeatzen dira bisitak?

Bisita egin ahal izateko, beharrezkoa izango da:

  • Mediku-talde arduradunaren eta gainbegiralearen onespena.
  • Txakurrak eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen albaitari-ziurtagiri ofiziala aurkeztea.
  • Aldez aurretik zeladoreekin koordinatzea. Langile horiek joan-etorriak kudeatzeaz eta protokoloa betetzen dela egiaztatzeaz arduratuko dira.
Egokitutako espazioak eta gomendioak

Barrualdean zein kanpoaldean, AUOko Txagorritxuko eta AUOko Santiagoko, espazioak gaitu dira, eta pertsona gelatik atera ezin denean, animalia gelan sartzea baloratuko da, betiere espazioa partekatzen dutenen atsedena errespetatuz eta ondoan dagoen ospitaleratutako pertsonaren onespena izanez.

Zaintza sinbolizatzen duen detaile bat

Keinu sinboliko gisa, programan parte hartzen duten maskotek proiektuaren identifikazio-zapi bat jasoko dute. Zapi horrek, bisitetan behar bezala identifikatzen direla bermatzeaz gain, beraien esperientziaren oroigarri gisa ere balioko du.

Mask-Ospitalea proiektuarekin lotutako informazio guztia hurrengo dokumentuan kontsulta dezakezue. Dokumentu hori Arabako ESIaren intranetean dago eskuragarri.