Arabako Mediku eta Haginlarien Elkargoek haurren aho-hortzen osasunerako kanpaina bat jarri dute martxan
“Irribarre hau ez dadila galdu” lelopean, triptikoak eta kartelak editatu eta banatu dituzte probintzia osoko ikastetxe, osasun-zentro, ospitale, farmazia eta haginlarien kontsultategietan
Urtarrilaren 24an, Vital Fundazioaren aretoan, 18:30ean, aho-hortzen zainketei buruz informazioa emateko hitzaldia dago.
Arabako Mediku eta Haginlarien Elkargoek haurren aho-hortzen zainketa jaiotzetik zazpi urtera bitartean zein garrantzitsua den kontzientziatzeko eta zabaltzeko kanpaina bat jarri dute martxan. Kanpaina hori haurrei arreta ematen dieten osasun-profesionalei eta haien zainketaz arduratzen diren pertsonei (aitak eta amak, zaintzaileak, irakasleak…) zuzenduta dago. “Irribarre hau ez dadila galdu” lelopean, material didaktiko eta informatiboa argitaratu dute, eta, horren bidez, biztanleei oinarrizko gomendio batzuk eman nahi dizkiete txantxarra, maloklusioa eta agerpen goiztiarreko aho-hortzen beste patologia batzuk prebenitzeko eta zenbait aspektuk aho-zainketan zenbaterainoko garrantzia duten azaltzeko, biberoien eta txupeteen erabilerak, elikadurak eta haginlariarengana joateko jarraibideak kasu. Osasun-arloko profesionalek diskurtso bateratua egin dute, mezu kontraesankorrak ekiditeko.
Hortzetako osasun ona mantentzeko gakoak modu grafiko eta errazean erakusten dizkiguten 10.000 triptiko elebidun eta mila kartel editatu dira, zazpi urtetik beherako adingabeak dituzten ikastetxeetan, osasun-zentroetako eta ospitaleetako pediatria-eremuetan, Arabako sareko farmazia guztietan eta haginlarien kontsultategietan ikusgai egoteko. Abendutik, gainera, Gasteizko Vesako zinema-emanaldi guztietan ekimena segundo gutxi batzuetan laburbiltzen duten bi bideo proiektatzen ari dira.
Horrez gain, zaintzaileei eta senideei ahalik eta mezu zuzenena emateko xedez, Arabako Mediku eta Haginlarien Elkarteek informaziozko hitzaldia antolatu dute, urtarrilaren 24an (osteguna), 18:30ean, Vital Fundazioaren aretoan (Dendaraba). Hitzaldian pediatra batek eta haginlari batek parte hartuko dute, eta gaiari eragiten dioten aspektu ezberdinetan sakondu eta zalantzak argituko dituzte. Sarrera doakoa da.
Ekimenaren jatorria
Familiek txikienei eman behar dizkieten aho-hortzen zainketei buruz gero eta informazio gehiago eskatzen dute pediatraren eta haginlarien kontsultetan. Alegia, bularreko umeak direnetik lehenengo hortzak agertzen zaizkien arte zein den txupeteen erabilera egokia eta nola eta zein eratan ekin behar dioten aho-hortzen garbiketari. Ez dago erakunde profesionalak bermatutako diskurtso argi eta zehatzik, eta, beraz, litekeena da profesionalek gai berdinaren inguruan jarraibide ezberdinak ematea.
Arabako Mediku eta Haginlarien Elkargoek, egoeraz ohartuta, indarrak batzea eta hutsune hori betetzea erabaki zuten, eta diskurtso bateratua egitea, profesionalek aukera izan dezaten gaixoei gomendio argiak eta zehatzak emateko, eta, aldi berean, adingabeen zainketaz arduratzen direnei (aitak eta amak, zaintzaileak, irakasleak…) txikienen aho-hortzen osasun ona mantentzeko praktika egokienei buruz informatzeko.
Informazio horrek adingabearen adinaren araberako hortz-zainketa jorratzen du, eta xehatu egiten ditu adin-tarte bakoitzean egin beharreko garbiketa-mota, txantxarrei dagokienez elikadura-gaietan gehien eta gutxien gomendatzen diren jardunbideak, eta txupeteen eta biberoien erabilera. Informazio horrek adingabeei hortzak garbitzen irakasteko jarraibideei ere erreferentzia egiten die eta noiz gomendatzen den haginlariarengana joaten hastea.
Orientazio goiztiarra Arabako Mediku eta Haginlarien Elkargoek eta Euskal Herriko Pediatria Elkarteak bermatutako aholkuekin. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Kontseilaritzaren iritziz kanpaina “egokia da, Haurren Hortz Asistentziak (PADI) hortz-osasunaren sustapenerako burutu eta bultzatu dituen jardueren osagarria da” eta zazpi urtetik gorako haurrekin hasten da.
Informazio osoa Arabako Medikuen Elkargoko www.icoma.eu eta Arabako Haginlarien Elkargoko www.colegiodentistasalava.com webguneetan ikus daiteke.













