Balantzea eta esker ona 2025eko Euskararen Astearen ondoren

Bejondeiela podcast-eko irabazleei eta esker ona 2025eko Euskararen Astean parte hartu duzuen guztioi, baita euskaraz bizitzea erabakitzen duzuen lankide guztioi!

Behin, urtea bukatuta eta gabonak igarota, Arabako ESIko Euskara Zerbitzukook eskerrak eman nahi dizkizuegu 2025eko Euskararen Astea, hobeto esanda, hilabetea, antolatzen lagundu diguzuen guztioi, bereziki ekimenetan izandako jarrera aktiboagatik:

  • bai liburutegiko Gentzane lankideari, liburutegiko arduradunari, abenduan egindako euskarazko liburu-trukean laguntzeagatik,
  • bai ospitaleko gelako Tania, Pediatria gelako irakasleari, haien unitatean Euskararen Astea girotzeagatik eta euskarazko jolasak erabiltzeagatik,
  • bai gure lankide Fernandori, Prestakuntzako teknikariari, Gasteizko historiari buruzko freetour-a emateagatik, bai horra bertaratu zineten guztioi,
  • bai eta saio klinikoa euskaraz emateko prest egon zen Garazi, Traumatologiako BAME 5i ere.

Horrez gain, ezin ditugu ahaztu urte osoan euskararen alde lan egiten duzuen lankide guztiak, bereziki euskara erreferenteak (zerrenda luzea da…), azken horiek ezinbestekoak baitzarete gure ESIan, Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, zuen lan esparruetan euskararen presentzia indartzeko eta areagotzeko.

Halaber, eta gure ESIko Euskararen Asteko programazioan egon ez arren, eskerrak ere eman nahi dizkiegu Zerbitzu Nagusiak antolatutako podcast txapelketan Arabako ESItik parte hartu duzuen eta, bereziki, irabazleak izan zareten guztioi, 6 sarituetako 4 Arabako ESIko lankideak izan zaretelako. Bejondeizuela! Mila esker beraz, lehenik, parte hartzeagatik eta bigarrenik, gure ESIaren ordezkariak eta irabazleak izateagatik.

Hori esanda, Euskara Zerbitzuaren Euskararen Eguna, astea…, atalean duzue abenduan antolatu ziren ekintzen argazki-bilduma, baita Podcast-eko irabazleetako batzuen argazkiak ere.

Ea 2026ko abenduko Euskararen Asterako guztion artean euskararen erabilera sustatzeko ekimen berriak antolatzen ditugun! Eta ea ideia gehiago egitea ere lortzen dugun!

A, eta ez ahaztu 24. Korrika martxoaren 27an, ostirala, igaroko dela Gasteiztik. Aurten gauean eta berandu igaroko den arren, animatzen zaituztegu parte hartzera.

Euskara Zerbitzua