Euskaraldirako atzerako kontaketa hasi da

Joan den irailaren 20tik, izena emateko epea zabalik dago Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta euskararen sustapenean jarduten duten hainbat erakundek bultzatutako Euskaraldia ekimenean.

Euskaraldiak euskararen erabilera piztu nahi du herritarren artean, eta horretarako, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean garatuko den dinamika erraz batean parte hartzera gonbidatzen gaitu.

Dinamika horretan izena ematen duten herritarrek 11 egunetan zehar Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa hartuko dute. Ahobiziak ulertzen duten pertsona guztiekin euskaraz hitz egiten saiatuko dira; Belarriprestak, ordea, eurekin euskaraz aritzeko eskatuko dute, nahiz eta eurek euskaraz ez aritu. Parte-hartzaileei kanpainan zehar jantzi beharko dituzten txapa batzuk banatuko zaizkie, Ahobizi edo Belarriprest txapak hain zuzen ere.

Araba ESItik aurrekaririk gabeko gizarte-ariketa honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu langile, paziente eta erabiltzaile oro.

[+info…]