“ICIC19 San Sebastian-Basque Country” Arreta Integratuari buruzko Urteko 19. Konferentzia
Datorren urteko apirilaren 1a eta 3a “ICIC19 San Sebastian-Basque Country” Arreta Integratuari buruzko Urteko 19. Konferentzia Donostiako Kursaal jauregian egingo da
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatuko dute konferentzia International Foundation for Integrated Care (IFIC) erakundearekin batera eta honako hau izango da haren izenburua: “Aldaketaren aldeko kultura partekatua: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen”. Konferentzia hori da arreta integratuaren arloko nazioarteko ekitaldi nagusia eta urtero Europako hiri batean egiten da. Horren helburua arreta integratuaren inguruko ezagutza garatzea eta trukatzea da eta honako hauei zuzenduta dago: osasungintzako eta gizarte-zerbitzuetako kudeatzaileak, profesionalak, pazienteak eta erabiltzaileak, hirugarren sektoreko erakundeak, ikerlariak eta, hitz gutxitan esanda, gai horretan interesa duten banakoak eta erakundeak.
Konferentzia batez ere ingelesez egingo da (itzulpen-zerbitzuarekin) eta osoko bilerak, lan-mintegiak eta aldi berean egingo diren beste saio batzuk jasotzen ditu. Donostiako ediziorako hizlarien artean, honako hauek etorriko direla baieztatu dute: Henry Mintzberg, irakaslea eta erakunde-teoriari buruzko hainbat libururen egilea (AEB); Michael Marmot, Osasunerako eta Gizarterako Nazioarteko Zentroaren zuzendaria (Erresuma Batua); Stephen Shortell, Berkeley Unibertsitateko Osasun Publikoaren Eskolako irakaslea (AEB); Mª Ángeles Durán, Ikerketa Zientifikoetako Goi Kontseiluko Soziologia irakaslea; eta Julio Mayol, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Zirugia irakaslea eta San Carlos Osasun Ikerkuntza Institutuko Berrikuntza Unitatearen zuzendaria.
Azken urteotan arreta-koordinazioan izandako aurrerapenen ostean, atzera begiratzeko eta egindako ahalegin guztia ebaluatzeko une egokia dela uste dugu. Horrekin lotuta, EAEn pilatutako esperientzia partekatu nahi dugu Europako eta munduko gainerako tokietako gure kideekin. Gure ustez, aukera ona da honako alderdi hauekin lotuta, besteak beste, etorkizunean aurre egin beharko diegun erronken inguruan elkarrekin gogoeta egiteko: pertsonak oinarri dituzten arreta-ereduak, partekatutako kulturak sortzea eta etxean jasotako arreta soziosanitario integratuagoa. Horregatik, zurekin eta zuen erakundearekin partekatu nahi dugu aukera hau. Konferentziaren behin-behineko programa eta izena emateko eta parte hartzeko aukeren inguruko kontsulta egin dezakezu webgunean.














