Arabako ESIko Iktusaren Munduko Egunaren II. jardunaldirako izen-ematea zabalik

Profesionalei zuzendutako jardunaldia urriaren 29an ospatuko da Erizaintzako Unibertsitate Eskolan

Iktusaren Munduko Eguna oso hitzordu garrantzitsua da gizartea kontzientziatzeko patologia horren prebentzioaz, detekzio goiztiarraz eta abordatze integralaz, desgaitasunaren eta hilkortasunaren kausa nagusietako bat baita. Hori dela eta, Arabako ESIak bere bigarren jardunaldia antolatu du: “Iktusa: erabaki bakoitzean berrikuntza eta zehaztasuna, pazienteak ardatz dituen ikuspegi multiprofesionaletik”. Bi bloketan egituratuta dago, informazio eta prestakuntza premia desberdinei erantzuteko.

Goizeko saioa 12:00etan hasiko da, eta bereziki osasun-profesionalei zuzenduta egongo da. Bertan, funtsezko gai zientifikoak eta asistentzialak aztertuko dira, hala nola ospitalez kanpoko maneiua, neurologiaren bidez fokalizatutako ekokokardioskopia, tratamendu baskular aurreratuak eta garuneko angiopatia amiloidean izandako berrikuntzak. Jardunaldi honetara joan nahi duten profesionalek Jakinsarearen bidez egin dezakete izena emateko eskaera. Matrikula egiteko epea urriaren 20ra arte egongo da zabalik, eta jarduerak 100 plaza izango ditu.

Arratsaldeko saioa, berriz, 16:30ean hasiko da AUO Santiagoko areto nagusian; herritarrei zuzendutako ekitaldian, garun-hodietako osasunari, elikadura osasungarriari, zaintza-jarraibideei eta elkarteekin batera egindako lanari buruzko hitzaldiak egongo dira. Era berean, nahi duten osasun-langileek arratsaldeko bloke honekin bat egin dezakete ikasteko eta komunitaterako espazio hau partekatzeko.