Osakidetzak, gaur, martxoak 23, 23-24-25ko EPE-an izena emateko epea irekiko du 9 kategoriatarako
Kategoria horietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea martxoaren 23tik apirilaren 22ra izango da, 14:00etan
Deialdia honako hauentzat da: administrari laguntzailea, administraria, erizaina, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuetako langilea, zeladorea, fisioterapeuta, laborategiko teknikaria eta administrazioko eta kudeaketako goi-mailako teknikaria
Probak ekainaren 19, 20 eta 21ean egingo dira, eta horietan EPEaren eredu berria txertatuko da: test motako azterketak eta hurrengo deialdietarako nota-erreserba
Osakidetzak hasiera formala eman dio 23-24-25 EPEari, deitutako 107 kategorietatik 9ren oinarri espezifikoak gaur argitaratuz. Izena emateko epea gaur, martxoak 23, irekiko da, eta probak ekainean egingo dira. Enplegu publikoaren deialdi berriak 5.425 plaza eskainiko ditu, horietatik 2.160 sortu berriak, eta 2026an zehar garatuko da, aurreko EPEekin alderatuta zenbait berritasunekin: hurrengo hautaketa-prozesurako oposizio-probaren nota gordetzea eta test motako azterketa bakarra egitea. Horretarako, galdera-sorta bat jarriko da izangaien eskura, proba prestatzea errazteko.
Osakidetzaren web-orriak, beraz, astelehen honetatik aurrera enplegu-eskaintza berrian izena emateko aukera gaituko du, 9 kategoria profesionaletako izangaientzat izango da; izangai gehien dituzten kategoriei dagozkienak dira, zehazki, “masiboak” deritzenak. Deialdia honako hauentzat da: administrari laguntzailea, administraria, erizaina, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuetako langilea, zeladorea, fisioterapeuta, laborategiko teknikaria, administrazioko eta kudeaketako goi-mailako teknikaria. Kategoria horietako probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira, Barakaldoko BECen.
- Ekainak 19: Administrazioko eta Kudeaketako Goi-Mailako Teknikaria, Laborategiko Teknikari Espezialista eta Fisioterapia
- Ekainak 20: Zeladorea, Erizaintzako Laguntzailea eta Zerbitzuetako Langilea
- Ekainak 21: Erizaintza, Administrari laguntzailea eta Administraria
Izena emateko epearen barruan, Osakidetzak test erako galdera-sorta argitaratuko du. Galdera-sorta hori bat etorriko da gai-zerrenda orokorrarekin eta kategoria bakoitzerako ezarritako gai-zerrenda espezifikoarekin. Prozesu hori arautuko duten oinarri orokorren ezaugarriak Mahai Sektorialean SME eta SATSE sindikatuen onespenarekin lortutako akordio batean oinarritzen dira. Berrikuntza gisa, gogorarazi behar da izangaiek proba honetan lortutako nota gorde ahal izango dutela hurrengo deialdirako, eta, gainera, test motako proba bakarra egongo dela, zati teorikoa eta praktikoa bilduko dituena, halakorik duten kategorien kasuan.
Gainera, lehen aldiz, eta EPE honekin batera, deialdi espezifiko bat egingo da desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, gutxienez 25 plaza egokituta egongo baitira eskakizunetan eta probetan, osasun publikoaren eremuan benetako inklusioa errazteko. Laster, Osakidetzak deialdi horretan izena emateko epeen berri emango du. Deialdi horretan, erizaintzako laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen kategorietarako plazak eskainiko dira.














