Osakidetzak web berria du
Araba ESIk web berri barruan bere espazio propioa dauka eta sartu ahal izango zarete berri honetan dagoen estekaren bitartez
Osakidetzak web orri berria du gaurtik aurrera eta Euskal Osasun Zerbitzuaren gaineko informazioa zein zerbitzuen eta izapideen berri emango da bertan. Helburua herritarren eskariei erantzutea da, komunikazio-tresna modernoago, hurbilago eta eskuragarriago batekin.
Oro har, Osakidetzak eta Osasun Sailak gizarte aurreratua eta osasungarria lortzea dute jomugan, eta horretarako nahitaezkoa da norberaren osasuna zaintzeari buruzko argibideak ematea. Horrexegatik, bada, web berri honetan garrantzi berezia izango du Osasun Eskolak. Herritarrei zuzendutako zerbitzua da eta osasunaren eta gaixotasunaren inguruan jarrera aktiboa izan dezaten informazioa eta prestakuntza emango die.
Horrez gain, web orriaren bitartez bultzada bat eman nahi zaie herritarren parte-hartzeari, enplegu publikoari, online osasun-zerbitzuei eta osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzari, beste hainbat gai interesgarri jorratzearekin batera.
Nolanahi ere, web orria euskarri bizia izateko sortu da, unean-unean eguneratuko dena eta sektorean eta erakunde barruan ere sortuz doazen egoera berrietara egokituko dena. Hortaz, web orriaren eremu guztiak edukiz hornitzen eta moldatzen ere joango gara.
Izan ere, Osakidetzaren parte garen guztioi dagokigu bitarteko honetan gure aletxoa jartzea, erabiltzaileen beharrak asebeteko dituzten kalitatezko edukiak eskaini ahal izateko. Osakidetzan eta Osasun Sailean lanean jarraituko dugu, hala izan dadin.
Osakidetzako web berrirako sarbidea















