Umetoki-lepoko Minbiziaren Osakidetzako Baheketa-Programa

Umetoki-lepoko minbizia (ULM) munduko hirugarren neoplasia ohikoena da emakumeen artean

Gaur egun aski frogatuta dago, emakume osasuntsuei zuzendutako umetoki-lepoko zitologia bidezko baheketa oso eraginkorra dela; izan ere, berau modu egoki eta sistematikoan aplikatu den hainbat herrialdetan, ULMren intzidentzia eta heriotza-tasa % 70-80 jaitsi da. Baheketari esker, lesio premaligno eta sintomarik gabeak detektatzen dira, eurek diagnostikatu eta tratatu ahal izateko minbizi bilakatu aurretik.

Osakidetzak 25 urte baino gehiago daramatza umetoki-lepoko minbiziaren baheketa-programa eskaintzen. Azken urteetan, hainbat aldaketa egin dira, Europatik eta hainbat erakunde eskudunetik jasotako azken aholkuetan oinarrituta.

Osasun Sailaren Euskadiko 2018-2023 epealdirako Plan Onkologikoaren helburuetako bat umetoki-lepoko baheketa programa biztanleriari zuzentzea da, hau da, ez gauzatzea soilik era oportunista batean. Biztanleriaren mailako programa hau 2018ko ekainean abiarazi zen Debabarrena ESIan pilotaje-proiektu moduan, eta aurtengo azaroan, Araba ESIan, Arabako Errioxako ESIan eta Deba Garaiko ESIan jarriko da martxan.

Programaren zabalkundea bost urtetan zehar gauzatuko da, bitartean programaren bi ereduak elkarrekin bizi izango direla:

  1. Batetik, gaur egungo antolaketa oportunistan, emakumea datorkigu, familia medikuntzako, erizaintzako edo arreta komunitarioko profesional batek edo ginekologiako espezialista edo emagina batek bideratuta. Beraz, oso beharrezkoa eta garrantzitsua da inoiz baheketarik egin ez zaien emakumeak Lehen Mailako Arretatik erreferentziazko emaginarengana bideratzen jarraitzea, probak egin diezazkieten.
  2. Bestetik, biztanleriari zuzendutako programan, emakumea guregana dator baina programaren Zentro koordinatzaileak gonbidatuta, izan ere emaginaren agendan hitzordua jarri ostean, gutuna bidaltzen baitzaio.

Umetoki-lepoko baheketa ondoko baldintzatan egiten da:

  • Xede-populazioa : 25 eta 65 urte bitarteko emakumeak
  • Baheketa proba primarioa eta miaketen artekoa:
    • 25-34 urte: zitologia hiru urterik behin*
    • 35-65 urte: Arrisku Handiko GPBren zehaztapena (GPB-AH)
      • GPB-AH negatiboa bada: handik 5 urtetara proba berriz egitea.
      • GPB-AH positiboa bada: triajea, zitologia barne.
        • Zitologia negatiboa bada: handik urtebetera, berriz ere GPB-AH zehaztapena

* Programa sartu eta lehenengo probaren emaitza negatiboa bada, ez da beharrezkoa handik urtebetera zitologia bat egitea.

Biztanleriaren mailako prozeduraren bidezko gonbidapenak zein proba guztien emaitzak gutun edo telefono deien bitartez jakinaraziko dira. Hori dela-eta, garrantzitsua da emakumearen harremanetarako datuak eguneratuta egotea Osasun Zentroan.

Osakidetzako intranetean, programaren inguruko informazio guztia eskuratu dezakezue:

> Hasiera > Osasun arreta > Biztanleriaren baheketa > Umetoki lepoko minbiziaren baheketa-programa

https://www.osakidetza.eus/sites/Intranet/es/salud-atencion/cribado-poblacional/Ca_Cervix/Paginas/default.aspx

Halaber, programaren oinarrizko informazioa jasotzen duen triptiko informatiboa doakizue atxikita. Laster, triptiko hauek paperean jasoko dituzue osasun-zentroetan, osasun arloko profesionalek zein administrariek kontsultatu ahal ditzaten. Hau da, triptikoak ez dira herritarren artean zabaldu behar, izan ere emakumeei gonbidapen gutunetan iristen baitzaizkie.

Edozein zalantza izanez gero, galdetu lasai.

Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa-programa

cribadocervix@osakidetza.eus

Liburuxka deskargatu