UPV/EHUko uda ikastaroak | El impacto medioambiental de los medicamentos

Ikastaroa ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean izango da Gasteizko Villa Suso Jauregian, baina modu birtualean ere egin ahal izango da
Mundu gero eta kutsatuago batean bizi gara. Denok ezagutzen ditugun kutsatzaile nagusiez gainera, azkenaldian gero eta gehiago aipatzen ari dira beste kutsatzaile mota batzuk, interes gero eta handiagoa pizten ari direnak, ezezagunak ziren kutsatzaileak edo kutsatzailetzat hartzen ez zirenak, ingurumenean denbora dezente zeramatzatenak beharbada. Beraz, ezin esan daiteke orain sortu direnik; orain sortu dena ingurumenean izan ditzaketen ondorioekiko kezka da. Haien artetik, farmakoak dira kezka handiena sortzen dutenak. Ondorioz, lehentasunezko ikerketa lerro bihurtu dira osasun publikoa eta ingurumen osasuna babesteaz arduratzen diren erakunde nagusientzat (OME eta Europako Batzordea, besteak beste).
Estrategia horren funtsezko ataletako bat da osasun profesionalak sentsibilizatzea/heztea. Arazoari bere osotasunean heltzeko, oso garrantzitsua da etorkizuneko osasun profesionalak trebatzea gai honetan. Ezinbestekoa da azaltzea farmakoek eta botikek sortzen duten kutsaduraren arazoa, gizarte osoari eta, bereziki, sektoreko profesionalei. Medikamentuen ziklo korapilatsuan zeresana duten agente guztiek jakin behar dute zer inpaktu duten ingurumenean eta giza osasunean; eta, garrantzitsuagoa dena, arazoaren irtenbide posibleak ezagutu behar dituzte.
Farmakoek eragindako kutsadurari buruzko ikastaro honen helburua da arazo honen inguruko ezagutza zabaltzea, haren ondorioak eta ingurumen inpaktua, eta gogoeta egitea epe labur eta ertainera abian jar daitezkeen irtenbideei buruz.
Izena eman dezakezu UPV/EHUko Uda Ikastaroen webgunean.













