Erabakiak hartzea

Nahiz eta jakin pazienteak eskubidea duela bere osasunari eta balizko tratamenduei buruzko informazioa jasotzeko eta erabakiak hartzeko, askotan hori ez dute erraz onartzen familiek, berri txarretatik babesteko asmoz. Pazienteak erabakitzen du bere osasunari buruzko informazioa nori eman. Profesionalen eta senideen betebeharra da eskubide hori errespetatzea.

Askotan, pazienteak ez du informazio hori jasotzeko eta, beraz, erabakiak hartzeko gaitasunik izango. Kasu horretan, Aurretiazko Borondateen dokumentua kontsultatuko dugu, halakorik balu, eta, bestela, haren ordezkariei kontsultatuko diegu.

Zer da Aurretiazko Borondateen Dokumentua?
Idatzizko dokumentua da, mediku-taldeari zuzendua, eta pertsona batek etorkizunean jarraitu beharreko jarraibideak jasotzen ditu, une horretan bere borondatea pertsonalki adierazterik izango ez balu ere. Dokumentua edozein unetan aldatu eta baliogabetu daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Ordura arte, pertsonaren erabakia gailenduko da dokumentuan jasotakoaren gainetik.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortu duen tresna bat da, Aurretiazko Borondateen Dokumentuak inskribatzeko eta gauzatzeko. Azaroaren 4ko 270/2003 dekretuaren bidez sortu eta arautu zen.