Araba ESIko Lakua-Arriaga, Lakuabizkarra eta Salburua Osasun Zentruek Oso-Ondo sari bana jaso dute

Atzo goizean AMVISAren ‘Oso ondo’ sariak banatu ziren Gasteizko udaletxean. AMVISAko lehendakari Jaione Aguirrek eman zituen sariak, uraren erabilera eta kudeaketan jardunbide egokien eredu diren Gasteizko instalazioen lana aitortzeko.

Nazio Batuek proposaturik, martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzen da urtero. Edateko uraren eta saneamendu egokiaren eskuragarritasun unibertsalaren garrantzia gogoratzeko eguna da, oinarrizko giza-eskubidea izanik 2030erako garapen iraunkorreko 17 helburuen artean sartu baita. Gogoan izan behar da oraindik 1.800 milioi pertsonak erabiltzen dutela ur zikinek kutsatutako ur-iturriren bat, eta horrek askotariko gaixotasunak harrapatzeko arriskua dakarkiela. Izan ere, edateko egokia ez den urak, osasun azpiegitura eskasek eta higiene faltak 842.000 hilketa inguru eragiten ditu urtean.

Aurten zabaldu duen mezuan, Nazio Batuen Erakundeak uraren xahuketa azpimarratu du, eta nola murriztu eta berrerabili dezakegun etxeetan, hirietan, industrietan eta nekazaritzan alferrik galtzen dugun uraren % 80raino, ur hori berriro naturara isurtzen denean ingurumena kutsatu eta elikagai baliotsuak galtzen baititu. Hori dela eta, xahututako ur gehiago bildu eta tratatzeko beharraz ohartarazten du, eta segurtasunez birziklatzeko eskatzen. Aldi berean, kutsatzen eta xahutzen dugun uraren kopurua gutxitzeko eskatzen du, ingurumena eta baliabide hidrikoak babesten laguntzearren.

Uraren eguna zela eta, AMVISAk Futura Planaren diagnostiko programan parte hartu duten 11 instalazio aitortu zituen atzo, azken bi urteetan uraren erabilera eta kudeaketan jardunbide egokien eredu bihurtu baitira.

AMVISAk saritutako hamaika zentruetatik hiru Araba ESIkoak dira: Salburua Osasun Zentrua, Lakua-Arriaga Osasun Zentrua eta Lakuabizkarra Osasun Zentrua. Hauetaz gain, aurreko urteetan beste sei osasun zentruek lortu zuten diploma, beraz, Araba ESIn bederatzi OSO ONDO zentru ditugu dagoeneko.

Iturria: Gasteizko Udala