AUO-ko espedizio bat Kilimanjaro-ko gailurrera heldu da

Sei mendizale arabarrez osatutako talde batek Kilimanjaroko gailurrera heltzea lortu zuen abuztuaren bukaeran. Mendi hori Tanzanian dago, eta Afrikako garaiena da.

Espedizioa gehien bat AUO-ko langile hauek osatu zuten:

  • Josean Gainzarain
  • Eduardo Mata
  • Rakel Atxaerandio
  • Pili García
  • Fernando García
  • David Aldai

Hara joateko ideia Eduardori bururatu zitzaion, eta berak proposatu zion AUO Txagorritxuko mendi taldeari pasa den urteko ekainean, talde horren hamargarren urteurrena ospatu zutenean.

Azkenean, sei pertsonako taldeak abuztuaren bukaeran Tanzaniarako bidaiari ekin zion. Etiopian eskala bat egin behar izan zuten. Antolakuntza Tanzaniako enpresa batek egin zuen, ondo baino hobeto arreta eman ziena. Mendizaleen eskura jarri zituen 3 gidari eta 17 pertsona gehiago. “Aristokratak bezala sentitu ginen” kontatzen digu umorez txangozaleetariko batek. Hala ere, esperientzia gogorra izan zen: 5 egun igotzeko, 4.600 metroetatik 3.900 metroetarainoko jaitsiera batekin, altuerarekin egokitzeko. Gau erdian azken etapari ekin zioten, eta 6 ordu beranduago kontinente afrikarraren gailurra zapaldu zuten. Altuerako gaitzak ia talde osoari eragin zionez, heltzea kostatu zitzaien. Berriz, jaitsierak egun bat eta erdi iraun zuen.

Taldekide batek paraje bukolikoak deskribatu dizkigu: imajinatu ezin diren izarretatik tropikoko oihanetara, basamortu alpinoetatik, glaziarretik, eta abarretik pasatuz.

Bidaiaren bigarren zatia leku hauetan izan zen:

Ngorongoroko kraterra, Manyarako lakua eta Serengeti parkea. Elefanteak, lehoiak, lehoinabarrak, errinozeronteak eta hegazti asko izan zituztela “bidaia-kidea” bizipen handiko bost egun zoragarri horietan, azaltzen dute.

Beraz, bidaia zoragarri bat, taldean harmonia handia eta espedizio-kideentzat esperientzia ahaztezin bat.