Lehendakaria Santiago Unibertsitate Ospitalean jarritako eskaner berri baten aurkezpenean egon da
Eskaner berria beste aurrerapauso bat da Osakidetzaren Arabako zerbitzuak teknologikoki modernizatzeko bidean, esan de Urkulluk.
Pertsonek jasotako erradiazio-dosia gutxitu eta emaitza klinikoak zein pazientearen segurtasuna hobetzen ditu abangoardiako ekipamendu honek.
Iñigo Urkullu lehendakariarentzat, Santiago Arabako Unibertsitate Ospitalean (AUO) ezarri berri den abangoardiako eskanerra «beste aurrerapauso bat da Osakidetzaren Arabako zerbitzuak teknologikoki modernizatzeko bidean».
Horrela deskribatu du gaur goizean aurkeztu den iturri bakarreko ordenagailu bidezko tomografien eskaner berria. Horri esker, pazienteek jasotako erradiazio-dosia gutxitu eta emaitza klinikoak nahiz pazientearen segurtasuna hobetuko dira. Lehendakariak alboan izan ditu Osasuneko sailburu Jon Darpón eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria.
Urkullu lehendakariak berak gogora ekarri du hain juxtu pazientearen segurtasunean etengabe hobekuntzak egitea dela Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoetatik bat osasun-arretaren arloan. Horren isla da, lehendakariaren aburuz, Osakidetzaren eguneratze teknologiko etengabearen barruan, Jaurlaritzak pertsonen osasunaren zerbitzura teknologia berriena jarri ahal izateko egin duen inbertsioa.
Horren aldeko apustuak ez du izango etenik, esan duenez, eta aurten, besteak beste, Txagorritxu AUO modernizatzeko eta handitzeko lanetan aurrera egingo da eta Amurrioko zein Kanpezuko osasun-zentroak eraikitzekoak abiaraziko dira.
Urkullu lehendakariak, baina, nabarmendu du Osakidetzaren ondasun nagusia, azpiegiturak baino gehiago, giza kapitala dela. Hala bada, eskerrak eman dizkie AUOko langileei, eta horien profesionaltasuna goraipatu du: «Punta-puntako profesionalak dira, Arabako kalitatezko osasun-arretaren bihotza».
ESKANER BERRIA
Santiago Arabako Unibertsitate Ospitalearen ekipamendu berria eskuratzeko 650.000 euro inbertitu dira, eta aukera ematen du pazienteak jasotako erradiazio-dosia esplorazioko laurden batean murriztea. Aurreikusitako urteko jarduna, berriz, 9.000-9.500 paziente ingurukoa da.
Halaber, organo osoen perfusioak eta kolonoskopia birtualak egin ahal izango dira hesteak garbitzeko libragarririk edo enemarik gabe, hain da teknologia aurreratukoa. Azterketa kardiobaskular aurreratuak ere egin ahal izango dira, baita urologia-sistemako litiasia hauteman eta dituen ezaugarriak bereizi ere, horretarako bena barneko iododun kontrasterik eman beharrik gabe.
Segurtasun erradiologikoaren esparruan, egitasmo aitzindaria abiarazi zen iaz Euskadin: euskal zentro publiko eta pribatuen erradiodiagnostikoen kalitatea neurtzeko eta ziurtatzeko eskuliburua. Hasia da emaitza biltzen, osasun-azpiegitura batzuek ziurtagiriak eskuratu baitituzte.
Segurtasunaz bestela, eskaner berriaren bizkortasuna da azpimarratzekoa, 10 segundo besterik ez duelako behar pazientearen gorputza osorik aztertzeko. Abantaila handia da politraumatismoak dituzten pazienteen kasuan. Gainera, eskaner berriaren bitartez, AUOko Erradiologiako profesionalek irudietarako sarbidea izango dute Txagorritxun edo Santiagon jardun, eta beren arteko lankidetza areagotuko da. Hau da, diagnostiko medikoa oso denbora gutxian eman ahal izango da.