Maxi Gutiérrez: "Osasun-langileak funtsezkoak dira genero-indarkeria antzemateko orduan"

Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da azaroaren 25ean. Hori dela eta, Araba ESIk 24an saio kliniko bat eskainiko du Maxi Gutiérrez sendagilearen eskutik. Zabalgana Osasun-Zentroko familia-medikua da. Arratsaldean ere hitzaldia emango du Zabalgana Osasun Zentroan, herritarrei zuzenduta.

Arazo larri horri buruz eta osasun-zerbitzuetako langileek horretan inplikatu beharrari buruz mintzatu gara berarekin.

punto-lilaNola bilakatzen da familia-mediku bat genero-indarkerian «aditu»?

Duela 10 urte baino gehiago familia-arazoei buruzko kongresu bateko mahai-inguru batean parte hartu nuen, eta genero-indarkeriari buruz hitz egin zuten orduan. Interesgarri iritzi nion; ordura arte kontuan eduki ez nuen gaia zen eta ez nuen aurretik prestakuntzarik jaso, ez unibertsitatean, ezta egoitzan ere. Inork ez zidan horretaz hitz egin.

Osasun-zentrora itzulita, saio bat prestatu nuen lantaldearekin entzundakoaren berri emateko, eta dokumentatzen hasi nintzen. Hortik aurrera, Osakidetzan eta Arabako eskualdean genero-indarkeria jorratzeko sortu ziren hainbat taldetan parte hartu nuen, eta osasun-profesionalak genero-indarkerian trebatzeko ikastaro bat ere egin nuen Carlos III.a ospitalean.

Geroago, prestakuntzako eta sentsibilizazioko ikastaroak eta lantegiak eman ditut Lehen Mailako Arretako osasun-langileentzat, baita Arabako Unibertsitate Ospitalean ere mediku egoiliarrentzat.

Baina, batez ere, kontsultan gaiaren berri eman didaten emakumeei esker espezializatu naiz. Prestakuntza edukita, sentiberatasun berezia garatzen duzu, eta gaitasun handiagoa duzu esaten ez diren gauzak ikusteko eta antzemateko.

Genero-indarkeria gizarte-arazo bat da osasun-arazo bat baino gehiago, zer deritzozu adierazpen horri?

Gizarte-arazo bat dela argi dago, baina kontuan hartu behar da osasun-arazo bat ere badela. OMEk duela urte asko esan zuen jada, eta azterlan askok egiaztatu dute genero-indarkeria jasaten duten emakumeek osasun okerragoa dutela holakorik pairatzen ez dutenek baino; izan ere, logikoa denez, tratu txarrak, fisikoa izan ez arren, osasunari eragiten dio.

Osasun-profesionalen artean, ordea, ez dago hori horrela delako kontzientziarik. Gure burua zuritzeko, arazo pribatua dela esaten dugu, baina ez al gara askotan gure pazienteen gai pribatuetan sartzen, batik bat lehen mailako arretan? Kontsultetan sexuaz, harremanez, elikaduraz eta abarrez mintzatzen gara, eta hau beste gai intimo bat gehiago da.

Ez dugu ahaztu behar osasun-profesionalak funtsezko eragileak garela indarkeria-kasuak antzemateko orduan. Familia ezagutzen dugu, baita erasotzailea ere, «zerbait gertatzen ari dela» susmatu ahal izateko baldintzak betetzen dira. Azterlanen arabera, profesional batek tratu txarrak daudela susmatzen duenean, hori egia izateko % 80ko aukera egoten da. Eta funtsezkoa da osasun-profesionalek antzematea, sarritan emakumeek ez baitute laguntza nori eskatu beren erizainari, medikuari... ez bada.

Kontsulta espezializatuetan arreta bereziagoa izaten da, baina komunikazio-espazio bat ere badira. Larrialdiak, Ginekologia... funtsezko zerbitzuak dira, eta langileek gaiari buruzko prestakuntza eduki beharko lukete.

Prestakuntzaz gain, horrelako kasuetan etengabeko laguntza arras garrantzitsua dela barneratu behar dute. Esate baterako, erasoa pairatu duen emakume bat larrialdietara joaten denean, haren familia-medikuak horren berri jaso beharko luke. Haren seme-alabei arreta ematen dieten pediatriei ere jakinarazi behar zaie egoera, era horretan ume horiei babes handiagoa eman ahal izateko.

Nola susma dezakegu genero-indarkeriako kasu baten aurrean gaudela?

Tratu txarrak pairatutako emakumearen sindromea deitutakoa dago: antsietatea, depresioa, askotariko traumatismoengatik kontsultara askotan agertzen diren emakumeak. Egoera jakin batzuetan, orobat, emakumea bereziki zaurgarria da: haurdunaldiaren inguruan edo bizikidetzari ekitean.

Gero eta ohikoagoa da emakume batzuek arazoa hasieratik jakinaraz dezaten, baina ez badute hori egiten, horretarako aukera eman behar zaie. Pertsonek kontsultetan gauzak konta ditzaketen sentipena izaten dute; horregatik, batzuetan aski da galdera orokorren bat egitea tratu txarren zantzuak agertzen dituzten erantzunak jasotzeko (zer moduz etxean?, nola zaude bikotekidearekin?). Jakina denez, indarkeria fisikoa antzematen errazagoa da psikologikoa baino, eta emakume ugarik ez dute tratu txarren kontziente izaten eraso fisikoa pairatu arte.

Baina zantzu horiek ulertu ahal izateko, funtsezkoa da profesionalek gaiari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa hartzea. Demagun diabetesi edo beste edozein gaixotasuni buruz ezer ere ez dakigula. Hari buruz ezer ez badakigu ezin dugu diagnostikatu. Gauza bera gertatzen da genero-indarkeriarekin, horren gaineko prestakuntzarik ezean, oso zaila da gure eskema mentalean sartzea eta aukera gisa kontuan hartzea.

Datuak hartu behar ditugu kontuan: emakumeen % 10 inguruk tratu txarren bat pairatzen du, eta, gure historia klinikoetan kopuru oso txikia dugu erregistraturik. Agerikoa da prestatuago egon beharra dugula, baita erneago ere.

Zer egin dezakete profesionalek kasu baten aurrean daudenean?

Lehenik eta behin, tratu txarren kasu bat antzemanez gero, guztia ez dugula lehen egunean egin behar argi eduki behar dugu. Prozesu bat da, eta lehen urratsa arazoa mahaiaren gainean jartzea eta arrisku-egoera baloratzea da, zenbait kasutan bizitza arriskuan egon baitaiteke.

Emakumeak kontzientzia hartu behar du, eta ezinbestekoa da jakitea zer egin nahi duen eta haren erritmoak errespetatzea. Ezin diogu bizitza konpondu. Lagun diezaiokegu, laguntza eskaini, arreta eman, betiere beste profesional batzuekin elkarlanean.

Kasua antzemandakoan, Gizarte Zerbitzuek eman beharko diote arreta emakumeari askotariko programen eta zerbitzuen bitartez.

Oso baliagarria da Gizarte Zerbitzuekin zubi-lana egin dezagun; hau da, guk haiekin hitz egitea emakumeak bizipenak berriro hasieratik adierazi behar ez izateko, laguntzeko prest dauden profesionalen sarea dagoela hauteman dezan.