Osakidetzaren Araba ESI eta Arabako farmazialarien elkargo ofiziala saritu ditu Correo Farmacéutico-k, horien «medikazioaren kontziliaziorako protokoloa» 2015eko ekimen onenetako bat dela iritzita

  • Tratamendu farmakologikoaren kontziliazioaren helburua da ospitalean nahiz osasun-zentroan arreta maiz jaso behar duten pazienteen medikazioan gerta daitezkeen erroreak gutxitzea.

  • Arreta espezializatuaren, lehen mailako arretaren eta farmazien arteko koordinazioak pazienteen osasuna eta segurtasuna hobetzen ditu.

Osakidetzaren Arabako ESI-a eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak ondu duten Medikazioaren kontziliaziorako protokoloa saritu du Correo Farmacéutico aldizkariak, farmaziako kategorian urteko ekimen onenetako bat dela iritzita. Aldizkariak hamalaugarrenez antolatu ditu osasunaren esparruan hobekuntzak eragiten dituzten erakundeak, zerbitzuak edo pertsonak errekonozitzea helburu duten sari horiek.

Atzo bertan, Madrilen, saria jasotako protokoloaren helburua da osasun-arretaren maila desberdinetan agindutako medikazioen artean gerta daitezkeen bat ez etortzeen ondoriozko medikazio-erroreak % 70 murriztea ospitaleko arretatik lehen mailako arretara, edo alderantziz, bideratzen diren pazienteetan.

Medikazioa da osasun-arretako kontrako gertakarien lehen arrazoia; hau da, segurtasun-arazo ohikoenetako bat da. Biztanleria zahartzeak eta bizi-itxaropena luzatzeak gaixotasun kronikoak dituzten eta medikamentu asko behar dituzten pertsonen kopurua handitzea ekarriko du, elkarreragin farmakologikoak, kontziliazio-erroreak eta medikamentuen aurkako erreakzioak jasateko arriskuak areagotuz.

Kontziliazio farmakologikoa protokoloa duen prozesu bat da, pazientearen ohiko medikazioa eta arreta-maila batetik bestera aldatzean (ospitaleratzea, zerbitzu-aldaketa eta ospitaleko alta) agindutakoa konparatzen direna, bat ez etortzeak aztertzeko, hautemateko, hautemandakoak zuzentzeko, aldaketak agirietan jasotzeko eta horiek jakinarazteko. Saria jasotako programan, Arabako Unibertsitateko Ospitaleko farmazia-zerbitzuetan, barne-medikuntzan eta kardiologian eta San Martín osasun-zentroan arreta jaso duten pazienteen arreta-prozesuak eta preskripzio farmakologikoa bateratzen dira. Arreta-mailen arteko jarduera-protokolo horren bidez, pazienteek lehendik hartzen dituzten medikamentuak dosi, administrazio-bide, jarraibide eta iraupen egokian hartzen jarraitzea eta hori agindu berri zaion tratamenduarekin bat etortzea bermatu nahi da. Alegia, oharkabean pasa ahal izan diren medikazio-erroreak hauteman eta zuzenduko dira.

Bestalde, farmaziak dira osasun-arretaren azken katebegia tratamendu bati ekiteko garaian; horrenbestez, programari atxikitako farmaziek, protokolo horren bidez egiaztatutako dute ospitaleko alta jaso duen pazienteari agindutako tratamendua Tratamendu Aktiboaren Orriarekin (errezeta elektronikoa) bat datorren, eta, bat ez etortzerik hautemanez gero, harremanetan jarriko dira osasun-zentroarekin edota, hala dagokionean, ospitalearekin.

Bart Madrilen egindako sariak banatzeko ekitaldian izan ziren, Eusko jaurlaritzako Osasun Saileko Farmaziako zuzendari Iñaki Betolaza eta programa saridunaren ordezkari AUOko barne-medikuntzako doktore Saioa Eguiluz eta Arabako ESIko farmazialari Lorea Guisasola. Iñaki Betolazak banaketa-ekitaldiaren amaieran nabarmendu zuenez, «Osasun Sailak eta Osakidetzak funtsezkotzat jotzen dute protokolo sariduna pazientearen segurtasuna hobetzeko aukera ematen digulako eta  gainera, farmaziekin batera lan egitea eta osasun-sistemako eragiletzat hartzea guztiontzat ona da”