SANTIAGO OSPITALEA, SEI MENDEZ BIZIRIK

Santiago ospitalea Gasteizko erakunde zaharrenetako bat da. 1428 urtean “Ongintza Etxea” zeritzon ospitalea sortu zen, Ayala familiaren babesean. Ospitaleak ordura arte “Adatseko Andre Mariaren” osasun etxea zegoen tokia hartu zuen; hari buruz, egungo Posta-etxearen eta Espainiako Bankuaren arteko kale txiki batean zegoela besterik ez dakigu.

1507ko Gabon-gauean, sute handi batek suntsitu egin zuen ospitalea. Berreraikitzea ez zen hasi 1508 urtera arte, diru faltagatik. Orduan hartu zuen gaur duen izena, eta Donejakue bideko erromesen ospitale bihurtu zen.

Urteek aurrera egin ahala, hiria hegoalderantz zabaldu zen “Arquillos” eraikuntzari esker, eta zabaltze horrek ospitale berri baten beharra sortu zuen.

Ospitale berria 1804 eta 1807 bitartean eraiki zen gaur egun dagoen tokian, baina 1820 arte ez zen inauguratu. Atzerapena Espainiako Independentzia Gerraren ondorioa izan zen, eta urte batzuetan frantsesen armadaren kuartel nagusi bilakatu zen.

Gudaren amaieran, 1820ko irailaren 27an, ateak ireki eta Karitateko Alaben kargura pasatu zen.

Osasun etxeak gerora ere aldaketa handiak izan ditu. Adibidez, 1920ko hamarkadan handitzeko lanak egin zituzten; Europako garrantzitsuenetakoak, garai hartako hainbat dokumentazioren arabera. Zerbitzu berriak zabaldu ziren: sorospen-etxea gau osoan irekita zuten, tuberkulosi pabiloi berriak eraiki zituzten, non emakumeak eta gizonak bereiztuak zeuden, eta, bitxikeria gisa, amaetxea antolatu zuten ezkondu behartsuentzat. XIX. mendearen amaieran “Esne-tanta” izeneko erakundea jarri zen abian, edoskitzean zailtasunak zituzten ama eta jaioberriei laguntzeko asmoz.

XX.mendearen erditik aurrera eraikuntza berritzeko proiektua proposatu zen, eta lehengo ospitaleari bi eraikuntza berri erantsi zizkioten: itxura hori du gaur egun.

Santiago ospitalea Gasteizen XV. mendetik aurrera belaunaldiz belaunaldi igaro da. Gaur egun jatorrizko zereginetan jarraitzen du, eraberritu eta handituta, eta urte askoan ateak zabalik jarraitzea espero dugu.