"Araba ESIk 4.000 litotrizia egin du"
Urologia Zerbitzuak Litotriziako aparatua inauguratu zuen 2009ko urrian
Laurogeita hamarreko hamarkadatik Euskadin Litotriziako Unitate bakarra zegoen Galdakao-Usansolo Ospitalean, harik eta 2009ko urrian Osakidetzak azken belaunaldiko aparatu berri bat instalatu zuen Santiago Ospitalean. Ordutik, Litotriziako Unitateak Arabako eta Gipuzkoa osoko pazienteei egiten dizkie tratamenduak, eta urtarrilaren 25ean Araba ESIko 4.000 zenbakiko litotrizia egin zuen.
Talka-uhinen bidezko korporaz kanpoko litotrizia giltzurrun-kalkuluak zatikatzeko tratamendu bat da; makina batek bulkada elektromagnetikoak sortzen ditu, gorputzaren kanpoaldetik giltzurrunaren barruan harria kokatzen den arte fokalizatzen direnak. Gaur egun litotriziak ebazpen-ehuneko handia du egintza bakar batean.
Litotriziako lehen unitateak urez betetako bainuontzi bat ziren, eta pazientea bertan murgiltzen zen. Gaur egun, likidoa duen kojinete bat besterik ez da pazientearen larruari akoplatzen zaiona, baina jatorri horren ondorioz, mahaia "bainuontzia" ezizenarekin geratu da.
Araba ESIko Litotrizia Unitatea 4 urologok, 3 erizainek eta 2 EZOTek osatzen dute, eta txandaka, asteko egun guztietan programatutako jarduerari estaldura ematen diote. Halaber, Anestesiologia eta Bizkortze Zerbitzuaren laguntza ere izaten dute egunero.
Litotrizia egun gutxiko epean egiten da, giltzurrun-kolikoaren sufrimendua hobetuz eta ebakuntza-gelako prozedura saihestuz; beraz, irisgarritasuna da haren abantailetako bat. Ikuspegi ekonomikotik ere, gaur egun litotriziak askoz kostu txikiagoak ditu kirurgia bat egiteak baino. Horregatik guztiagatik, gernu-kalkuluak tratatzeko tratamendu seguru, eraginkor eta efiziente gisa finkatu da.
Baina Litotriziako Unitatea askoz haratago doa; izan ere, mahai kirurgiko bat eta erradiologia-sistema bat ditu litotriziak egiteko prestatuta, bai eta ebakuntza endourologiko ugari ere, eta 11.000 prozedura baino gehiago egin dira azken 10 urteotan gure instrumentazio-gelan.
Gaur egun, Litotriziako Unitateak funtsezko zeregina du, eta kirurgia endourologikoekin eta gure profesionalen prestakuntza onarekin batera, litiasietatik eratorritako konplikazioen ia % 100 ebaztea ahalbidetzen du, kirurgia irekiak egin beharrik gabe, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zena.
Gure lehen litotriziak hasi zirenetik hamarkada bat baino gehiago igaro da, eta egungo aparatuaren aldaketa planifikatzeko unea iritsi da, azken belaunaldiko beste batetik, teknologiaren abangoardian jarraitzeko eta gure pazienteei beren tratamenduetan eraginkortasun eta kalitate onena eskaintzen jarraitzeko, eta litiasiak eta horren ondorio beldurgarria, giltzurrun-kolikoa, gero eta azkarrago eta efizienteago konpon daitezen lortzeko.