Araba ESIko Pneumologia Zerbitzuak SEPARen hiru egiaztapen lortu ditu
Aurten, Araba Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuko Biriketako Gaixotasun Interstizial Hedatuaren Unitatea, Aireztapen Mekaniko Ez Inbaditzailearen Unitatea eta Biriketako tronboenbolismoaren ospitaleko laguntza-prozesua egiaztatu ditu Arnas Aparatuko eta Kirurgia Torazikoko Espainiako Elkarteko (SEPAR) Egiaztatze Batzordeak.
Araba Unibertsitate Ospitaleko Biriketako Gaixotasun Interstizial Hedatuaren Unitatea (EPID Unitatea) 2003an sortu zen, prebalentzia txikiagoa duten baina konplexuagoak diren halako patologiak era bateratuan eta koordinatuan artatzeko gero eta behar handiagoaren aurrean.
Kasu konplexuenen diagnostikoa egiteko, unitate horrek diziplina anitzeko batzorde bat du: EPIDeko diziplina anitzeko Batzordea. Batzorde hori Pneumologiako, Erradiologia Torazikoko, Anatomia Patologikoko eta Erreumatologiako profesionalek osatzen dute. Batzordea hilero biltzen da diagnostiko zaileko edo tratamendu konplexuko kasuei buruz eztabaidatzeko, eta biopsia egokiesten du (kriobiopsia vs biopsia kirurgikoa) beharrezkoa den kasuetan. Duela urtebete baino zerbait gehiago kriosonda-ekipoa lortzeak gure Erakunde Sanitario Integratuan biriketako biopsiak egitea ahalbidetu du, pazienteen lekualdatzeak saihestuz.
Egun, Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Biriketako Gaixotasun Interstizial Hedatuaren Unitatea, gainera, erreferente da Arabako Errioxako eta Debagoieneko erakunde sanitarioentzat; urtero 100 paziente berri inguru baloratu eta 500 kontsulta baino gehiago artatzen ditu.
Joan den martxoan, unitate horrek Arnas Aparatuko eta Kirurgia Torazikoko Espainiako Elkartearen egiaztapena lortu zuen maila espezializatuan; BIKAIN kategoria lortu zuen zehazki.
Bestalde, Aireztapen Mekaniko Ez Inbaditzailearen Unitateari ESPEZIALIZATUEN mailan eman diote egiaztapena. Unitate hori 1995ean jarri zen abian, eta ordutik, haren laguntza-programaz gain, irakaskuntza-ibilbide zabala egin du segidako tailer teoriko-praktikoak, monografikoak, urterokoak, erkide-mailakoak eta estatu-mailakoak antolatuz.
Egun 400 paziente baino gehiago artatzen ditu, urtero 80 inguru gehiagorekin;anbulatorioetako pazienteak kontsulta monografikoetan artatzen ditu, eta ospitaleratutako pazienteak ospitaleratzeko solairuan. Aireztapen Mekaniko Ez Inbaditzailearen Unitatea Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten pazienteen Arreta Osoko Unitateko kide aktiboa da.
Era berean, SEPAR elkarteak BIKAINTASUN graduko egiaztapena eman dio Pneumologia Zerbitzuko Biriketako tronboenbolismoaren ospitaleko laguntza-prozesuari.
Egiaztapen horrek zerbitzua duela 20 urte baino gehiagotik honako arloetan egiten ari den lana indartzen du:
- Gaixotasunaren maneiurako protokoloaren diseinua eta etengabeko eguneratzea.
- Urtero Saio Kliniko Orokorren aurkezpena gure ospitalean.
- Ikastaroak antolatzea SEPAR elkartearen urteroko kongresuetan.
- Eskualdeko, nazio-mailako eta nazioarteko mahai-inguruetan, hitzaldietan eta komunikazioetan parte hartzea.
- Azken urteotako ikerketa-ibilbide emankorra, eragin handiko aldizkaritan erregularki agertzea ahalbidetu duena.
Argazkia: EPIDeko diziplina anitzeko Batzordea