Arabako ESIko 18 unitatek BPSO egiaztagiria jaso dute
Apirilaren 7an, ostegunean, Arabako ESI Zainketetako Bikaintasunarekin Konprometituta gisa aintzatesteko eta bultzatzeko jardunaldia egin zen AUO Santiagoko ekitaldi-aretoan
Egiaztapen horrek berekin dakar laguntza-unitate eta -zerbitzuetan ebidentzian oinarritutako gomendioen ezarpenean aldaketaren buru izateko konpromisoa
Inmaculada Morok, Zuzendaritza Nagusiko erizaintzako zuzendariordeak, inauguratu zuen ekitaldia, eta erizaintzaren lanak herritarrengan duen eragin handia azpimarratu zuen. Bestalde, Arabako ESIko zuzendari gerente José María Pérez-ek bertaratutako pertsonak animatu zituen beren esperientziak partekatzera eta ondorioak ateratzera. Nerea Gutiérrez-ek, Arabako ESIko erizaintzako zuzendariak, orain arte egindako lana aitortzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta proiektu hori suspertzen lagunduko duten estrategiak abian jartzeko asmoa jakinarazi zuen.
Ekitaldia hiru saiotan banatu zen. Lehenengoan Ainhoa Ullibarrik, Arabako ESIko Ikerketa Gainbegiralea parte hartu zuen, BPSOren programa testuinguruan kokatu zuena, eta ebidentzian oinarritutako praktikarako aldaketaren estrategiari, helburuei eta metodologiari buruz hitz egin zuen.
Ondoren, emaitzen mahaian, Arantza Tomás-ek, Onko-Hematologia Unitateko gainbegiraleak, AUO Txagorritxuko 6. C solairuaren ordezkari gisa hitz egin zuen, hura izan baitzen minaren balorazio eta maneiu gidaren sustatzailea. Ruth Martínez-ek, AUO Santiagoko 6. A solairuko Kirurgia Baskularreko Unitateko gainbegiraleak, Hodietan Sartzeko Gidari buruz hitz egin zuen. Lehen Mailako Atentzioan, Ana Fernández de Zañartu Salburua Osasun Zentroko erizainak Haurren Obesitatea Prebenitzeko Lehen Mailako Gida landu zuen.
Bestalde, Ana Ruiz de Austri, Medikuntza Nuklearreko eta Erradiodiagnostikoko Erizaintzako gainbegiralea, Itziar Marco, Erreumatologiako kontsultako EZOT, Erika Vitoria, Kudeaketa Sanitarioko Unitateko kalitate-teknikaria, eta Daniel Gurbindo, Hemodinamikako Unitateko gainbegiralea, izan ziren ekitaldian parte hartu zuten pertsonak.
Esperientzia Maparen ondorioen ondoren, hirugarren saioaren txanda iritsi zen. Bertan, Garrastatxu Landaluce, Erizaintzako Irakaskuntza eta Ikerketako gainbegiralea, iraunkortasunari buruz aritu zen.
Nerea Gutiérrez-ek eman zion amaiera jardunaldiari, eta eskerrak eman zizkien proiektua osatzen duten pertsona guztiei egindako lanagatik, eta gainerakoei parte hartzera animatuz. Erizaintzako zuzendariak adierazi zuenez, "Badakigu gaur egungo egoera kritikoa dela, hilabeteak daramatzagu animoak lohitu dizkigun krisi batean murgilduta, baina beti dago ikasketa handi bat, ziurgabetasunaren kudeaketarekin, erresilientziarekin, frustrazioaren kudeaketarekin, asertibitatearekin, lidergoarekin, protagonismoarekin eta profesionalismoarekin lotuta". Amaitzeko, han zeudenei zuzendutako hitz batzuk esan zituen: "saia gaitezen gure egoerari sendotasunez aurre egiteko modua bilatzen, ez gaitezen gogorik ezak jota utzi, eutsi diezaiogun sendotasunari eta adoreari, jakitun baikara egungo egoeraren perspektiba faltak ere ezin digula kendu zaintzaren zentzua".
Amaitzeko, José María Pérez-ek, Nerea Gutiérrez-ek eta Inma Laburuk, Arabako ESIko erizaintzako zuzendariordea, akreditazioak banatu zizkieten gure erakundeko 18 unitateri. Arabako ESIk, halaber, zainketan Jardunbide Egokietan (BBPP) oinarritutako protokoloak martxan jarri dituzten 6 unitateei egindako ahalegina aitortu eta eskertu nahi izan zien. Protokolo horietan aldaketaren metodologia erabili da ezarpenean arrakasta handiagoa lortzeko.