Arabako ESIko Neurologiako eta Iktusaren Unitateko taldea sarituta Euskadiko Erizaintza Neurologikoaren I. Jardunaldian
Prozedura endobaskularrak dituzten pazienteen konplikazioen baheketari buruzko ikerketa baten bidez lortu dute saria
Joan den otsailaren 6an Euskadiko Erizaintza Neurologikoaren I. Jardunaldia egin zen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Erizaintza Neurologikoaren Espainiako Elkarteak (SEDENE) Osakidetzarekin lankidetzan bultzatutako topaketa zientifikoa. Hitzordu horretan Euskadi osoko profesionalak bildu ziren abangoardiako ezagutzak trukatzeko eta zaintza neurologikoen bikaintasun klinikoan sakontzeko, "Uniendo fuerzas hacia la excelencia en el cuidado neurológico" lelopean.

Jardunaldian zehar hainbat aditu-mahai egin ziren, eta, bertan, migraina, Parkinson-a, epilepsia, esklerosi anizkoitza, dementziak eta iktusa bezalako patologietan erizaintzak duen rola aztertu zen. Era berean, topaketak eragin asistentzial handiko zeharkako eremuetan sakondu zuen, besteak beste, neurorrehabilitazioan, aurretiazko borondateetan eta zainketen humanizazioan. Saioei esker, sektorearen oraingo eta etorkizuneko erronkak identifikatu ahal izan ziren, berrikuntzan, ikerketan, lidergo profesionalean eta pertsonarengan eta gizarte- eta familia-ingurunean oinarritutako arreta-eredu batean fokua jarriz.

Azterlan hori Donostiako Unibertsitate Ospitalea buru duen Estatuko proiektu multizentriko batean integratuta dago, eta agerian uzten du erizaintzak zer eginkizun duen prozedura endobaskularrak dituzten pazienteen konplikazioak goiz detektatzeko. Era berean, protokolo sistematizatuak eta etengabeko prestakuntzako programak ezartzearen garrantzia nabarmentzen du, gaitasun profesionalak indartzeko eta pazienteen segurtasun eta asistentzia-kalitate ahalik eta handiena bermatzeko. Arabako ESIko profesionalek lortutako parte-hartzeak eta aintzatespenak indartu egiten dute erakundeak eguneratze zientifikoarekin eta herritarrei emandako zerbitzuen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa.










