Bioaraba OII-ak bere XXII. Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldiak egin zituen atzo
Topaketa-foro horretan biltzen dira Arabako ESIan, Arabako Errioxa ESIan, Arabako Osasun Mentaleko Sarean eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketa-jarduera garatzen duten profesionalak, bai eta osasun-arloko I+G+Bko enpresetako profesionalak ere
Bioarabako Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldiak atzo egin ziren Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta osasun-sistemako, unibertsitateko, enpresako, teknologia-zentroetako eta erakundeetako ikertzaileen topagune dira.
Jardunaldien helburua ikertzaile-lana sari-banaketaren bidez aintzatestea da, ikerketa-proiektuen jarraitutasuna bultzatzeko.
Jardunaldia profesionalei zuzendutako 10 workshop-ekin hasi zen, elkarrekin ikerketa-proiektuak garatzeko esperientziak eta ezagutzak partekatzeko helburuarekin. Workshop-ak ikerketa- eta berrikuntza-arloetan eta lan-mahaietan banatzen dira. Oraingo honetan, osasunaren eta ikerketaren alorreko 160 profesional inguruk ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten 10 lan-mahaitan, eta honako titulu hauek izan zituzten, besteak beste: "Osasuna eta klima-aldaketa"; "Farmakontaminazioa"; "Errealitate birtuala ingurune klinikoan entrenatzeko"; edo "Gizarte- eta genero-desberdintasunak. Osasun-ekitatean aurrera eginez", besteak beste. Lan-mahai bakoitzaren ondorioak jardunaldietara bertaratzen direnei jakinaraziko zaizkie, eta Bioaraba-ren web orriaren bidez zabalduko dira.
Jardunaldiaren bigarren zatiak Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Francisco de Vitoria Auditorioan jarraitu zuen, eta haren ongietorria Mª Ángeles García Fidalgo Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuko zuzendari zientifikoak egin zuen. Ondoren, jardunaldien inaugurazioa Guillermo Quindós UPV/EHUko Garapen Zientifiko eta Sozialeko eta Transferentziako errektoreordeak eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egin zuten. Sailburuak ikertzaileen lana goraipatu zuen, honako hau azpimarratuz: "Aurrerapen zientifikoen zabalkundea eta hedapena funtsezkoa da zientzian batzen jarraitzeko, baita gizarteak aurrerapen horien berri izateko ere".
Ekitaldian 250 pertsona inguru izan ziren, horien artean José María Pérez, Arabako ESIako zuzendari gerentea, eta Eguzkine De Miguel, Arabako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentea.
Osasun-arloko ikerketa translazionalaren helburua ikerketatik praktika klinikora igarotzea da, tratamendu edo ezagutza berriak herritarrengana iristen direla eta behar bezala erabiltzen direla ziurtatuz.
Adibide horiek azaltzearen helburua da ikertzaileen eta enpresen artean proiektuak garatzea, eta, horrela, emaitzak pertsonen osasuna hobetzera eramaten laguntzea, aberastasuna eta enplegua sortuz enpresa-sarearekin lankidetzan.
Sergio Cardoso Bioefeko I+G+Bko kudeatzaileak eman zien hasiera enpresarekiko lankidetzaren adibideen aurkezpenei.
Biotechnology Institute biomedikuntzan eta bioteknologian espezializatutako enpresa da, eta bere jarduera nagusia hiru lan-arlotan oinarritzen da: medikuntza birsortzailea, ahozko inplantologia eta loaren apnea.
Ander Pinok, BTIko Ikerketa eta Garapen Sailekoak, eta Zuriñe Martínez de Lagrán-ek, Arabako ESIako Dermatologia Zerbitzuko mediku ondokoak, gauzatzen ari diren bi proiektu aurkeztu zituzten. Horietako bat ohiko praktika klinikoarekin kontrolatutako ausazko azterketa bat da, PRGF® ENDORET® espeziearen eraginkortasuna eta onargarritasuna ebaluatzeko aurrealdeko alopezia fibrosantearen tratamenduan. Eta bestea, liken eskloso bulbarraren tratamenduan hazkunde-faktoreetan aberatsa den plasmaren eraginkortasunari buruzko saiakuntza da.
Oreka Interactive-k XR teknologiak (Errealitate Birtuala, Errealitate Gehitua eta Errealitate Mistoa), azken belaunaldiko grafikoak eta 15 urteko esperientzia metatua konbinatzen ditu, entrenamendu-tresnak eta prozesu errealista eta eraginkorren simulazioak garatzeko. Healthcare soluzioak ingurune errealista eta bizia sortzea du helburu, profesionalei zein pazienteei simulazio sinesgarri eta praktikoen bidez lagunduko diena.
Imanol Erauskinek, OREKAko zuzendari teknikoak, eta Gaspar Sánchezek, Arabako ESIako Fisika Medikoko eta Babes Erradiologikoko Zerbitzuko erradiofisikariak, TREBEK-i, inguruneen simulazioan oinarritutako ikaskuntza-plataforma, eta Hemianopsia VR, errealitate birtualeko ingurune seguru eta lasaigarrian garatutako tresna, proiektuak aurkeztu zituzten, hemianopsia-maila detektatzen eta diagnostikatzen laguntzeko.
Ulma Medical Technologies (UMT) osasun-sektorerako sistema adimendunen eta plataforma digitalen garapenean espezializatutako oinarri teknologikoko enpresa da.
Erik Isusquiza ULMAko software-arduradunak eta Ángela Gómez Arabako ESIako Oftalmologiako Kudeaketa Klinikoko Unitateko mediku ondokoak erretinopatia diabetikoa bahetzeko software automatikoko sistema bat diseinatzeko, garatzeko eta baliozkotzeko garatzen ari diren proiektua aurkeztu zuten.
Bioarabako Ikerketa eta Berrikuntza Sariak honako helburu honekin antolatzen dira: herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko zuzeneko dedikazioa duten pertsonak eta erakundeak aintzatestea eta suspertzea, lan zientifiko edo asistentzial hutsaren bidez ez ezik, ekarpen sozial egoki baten bidez ere.
Sariak modalitate hauetan banatu ziren:
- Nazioko eta nazioarteko ikerketa-lanak: artikuluak, posterrak eta ahozko komunikazioak.
- Ikerketa-proiektuak.
- Berrikuntza-proiektuak.
- Azaleratzen ari den ikertzailea.
- Doktorego-tesiak.
- Ideia berritzaileak.
Sariak José María Pérez, Eguzkine De Miguel eta Guillermo Quindós-ek banatu zituzten, ezarritako COVID protokoloari jarraituz.
Bioarabako XXII. Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldien amaiera Mª Ángeles García Fidalgok egin zuen, eta lankidetzak ikerketa zientifikoaren funtsezko alderdi gisa duen garrantzia azpimarratu zuen.
Ikerketa eta Berrikuntzako XXII. Jardunaldiak, Bioaraba OII-aren bereizgarri direnak, agertoki ezin hobea dira praktika klinikora eraman daitezkeen proiektuak bultzatzeko eta herritarrei aurrerapen zientifikoak ezagutarazteko, gure osasun-sistemaren iraunkortasunari lagunduz.
Ekitaldira joan ez zirenek streaming bidez jarraitu ahal izan zuten jardunaldia. Bideoa Arabako ESIko YouTube kanalean egongo da eskuragarri.