Bioarabak atzo egin zuen "Osasuna eta ingurumena" gaiari buruzko Topaketa herritarrekin
Topaketa Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Francisco de Vitoria Auditorioan izan zen
"Herritarren Topaketa" Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuaren XXII. Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldien barruan egin da, eta helburua da osasun-arloko ikerketa eta berrikuntza gizartera hurbiltzea eta komunitate zientifikoak herritarrek osasunari buruz dituzten kezkak ezagutu ahal izatea. Edizio honetarako aukeratutako gaia «Osasuna eta ingurumena» izan da.
Ekitaldiaren inaugurazioa Gorka Urtaran, Gasteizko alkateak, eta Jose Luis Quintas, Osasun sailburuordeak egin zuten, eta 100 pertsona baino gehiago bertaratu ziren. Entzuleen artean, Marian Ibarrondo, Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria, zegoen, besteak beste.
Ospe handiko bost profesional izan ziren bertan. Lehenengo hizlaria Imanol Zabaleta izan zen, nekazaritza eta ingurumeneko ingeniaria eta Vitoria-Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendaria. Ingurumenak osasunean duen eragina azaldu zuen.
Jarraian, Gorka Orive, Farmaziako doktore eta EHUko irakasle titularra, eta Unax Lertxundi, Arabako Osasun Mentaleko Sareko Farmazia Saileko burua, biak Bioaraba OIIko ikertzaileak, sendagaiek ingurumenean duten eraginaz aritu ziren.
Azken hitzaldia honako hauek eman zuten: Julio Díaz, Fisika Zientzietako doktorea, Lurraren eta Kosmosaren Fisikako espezialitatea eta Carlos III.a Osasun Institutuko zientzialari titularra, eta Cristina Linares, Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko doktorea, zientzialari titularra Carlos III.a Osasun Institutuko Osasun Eskola Nazionaleko Klima Aldaketa eta Osasuneko Erreferentzia Unitateko zuzendaria, zeinak klima-aldaketaren inplikazioetan sakondu baitzuten.
Jardunaldiaren amaiera Marian García, Bioaraba OIIko zuzendari zientifikoak, egin zuen, eta eskerrak eman zizkien hizlariei parte hartzeagatik, erakundeei laguntzeagatik eta, bereziki, herritarrei ekitaldira joateagatik. Gainera, 23. edizioan parte hartzera animatu zituen.
Jardunaldia arrakastatsua izan zen, izan ere, herritarrak, beste behin ere, modu aktiboan parte hartu zuten topaketan, eta osasuna eta ingurumena izan ziren protagonistak.
Era berean, 160 pertsona inguruk streaming bidez jarraitu ahal izan zuten "Herritarrekiko topaketa". Bertara joaterik izan ez zuten edo konektatzerik izan ez zuten pertsonentzat, bideoa eskuragarri dago Arabako ESIako YouTube kanalean.