Bioarabak Topaketa Herritarrekin egin du "Osasuna eta nutrizioa, zer dio zientziak?" lelopean

Ekitaldia Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin zen eta streaming bidez ere jarraitu ahal izan zen

Osasun arloko ikerketa eta berrikuntza herritarrei hurbiltzeko asmoz, komunitate zientifikoa Gasteizko Europa Biltzar Jauregira hurbildu zen joan den abenduaren 13an, osasunari buruz dituzten kezkak ezagutzeko. Aurtengo Herritarrekiko topaketaren gaia 'Osasuna eta nutrizioa, zer dio zientziak?' izan zen, non ospe handiko zientzialariek euren lanak aurkeztu zituzten.

Lehen hizlaria José Enrique Campillo izan zen, Medikuntzan doktorea. Bere hitzaldian 12 puntu gomendatu zituen elikadura osasungarrirako, ikuspegi eboluzionistaren arabera. Garrantzitsuena ahalik eta askotariko jatea dela azpimarratu zuen, justua dena irenstea gure pisuan mantentzeko eta, batez ere, janariaz gozatzea.

Ondoren, Begoña Muguerzak, Biokimikan eta Bioteknologian doktoreak, fruituen eta sasoiko barazkien hizkuntza sekretuari buruz hitz egin zuen, eta nutrizioan garrantzitsuena zer jaten dugun, zenbat jaten dugun eta noiz jaten dugun jakitea dela azaldu zuen. Zentzu horretan, polifenolek gizakiok dugun barne-erlojua erregulatzeko duten eginkizunaz hitz egin zuen.

Jarraian, Rafael Urrialdek, Zientzia Biologikoetan doktoreak, elikagaien segurtasunari eta legeriari buruzko gaiak azaldu zituen, eta herritarrei lasaitasuna eman zien elikagaiek daramatzaten gehigarriei eta edulkoratzaileei dagokienez.

Azken hitzaldia Jenifer Trepianak egin zuen, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktoreak, eta nutrizioaren munduan dauden egia eta mito batzuk zientifikoki argudiatu eta garatu zituen.

Ondorioak María Puy Portillo, Farmaziako doktore eta UPV/EHUko Nutrizioko katedradunak, jaso zituen, lau ponentzietako alderdirik garrantzitsuenak bateratuz.

Jardunaldiaren amaiera Marian García Fidalgo, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko zuzendari zientifikoak, egin zuen. Eskerrak eman zizkien hizlariei inplikatzeagatik, erakundeei, eta, bereziki, herritarrei, ekitaldian parte hartzeagatik, eta, gainera, hurrengo edizioan parte hartzera animatu zituen.

Jardunaldiak arrakasta handia izan zuen, herritarrek, beste behin ere, aktiboki parte hartu baitzuten osasuna eta nutrizioa protagonista izan ziren topaketan. Konektatu ezin izan zirenentzat, bideoa Arabako ESIaren Youtubeko kanalean dago eskuragarri.

https://www.youtube.com/live/vkcnonMJd38?si=9R4yeR5WArmdSKiS