Arabako ESIko Ate Irekien Jardunaldiak 160 egoiliar baino gehiago bildu zituen

Aurten, Arabako ESIak 109 plaza eskaintzen ditu; 78 BAMErentzat, 26 BAEErentzat, 3 BAPErentzat, 1 BAFErentzat eta 1 HNPrentzat
Arabako ESIak Ate Irekien Jardunaldia ospatu zuen atzo, martxoak 25, Eusko Jaurlaritzako Euskaldun Berria aretoan, etorkizuneko egoiliarrei bere prestakuntza-eskaintza aurkezteko. Ekitaldira 160 pertsona baino gehiago batu ziren Medikuntzan, Erizaintzan, Farmazian eta Psikologian graduatuak. Gehienak Euskadikoak baziren ere, Estatuko eta beste probintzia batzuetatik etorritako hautagaiak ere izan ziren, hala nola, Pontevedra, Huelva eta Segoviakoak. Aurten, Arabako ESIak 109 plaza eskaintzen ditu; 78 BAMErentzat, 26 BAEErentzat, 3 BAPErentzat, 1 BAFErentzat eta 1 HNPentzat.

Anaís Cruz, Familia eta Komunitate Arretako medikuak aurkeztutako saioan, Enrique Bárezek, Arabako ESIko zuzendari gerenteak, Marta Quintanak, Arabako Unibertsitate Ospitaleko (AUO) ikasketa-buru eta Irakaskuntza Batzordeko presidenteak, María Jesús Sernak, Arabako Familia eta Komunitate Arretako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko ikasketa-buruak, Isabel Alonsok, AUOko Osasun Prestakuntza Espezializatuko Erizaintzako Irakaskuntza Azpibatzordeko presidenteak eta Ignacio Garitanok, OII Bioarabako Zuzendaritza Zientifikoaren albokoak parte hartu zuten. Horiek guztiek erakundearen prestakuntzaren funtzionamendua eta ezaugarriak azaldu zituzten. Era berean, egoitza Arabako ESIan egiteak dakartzan onurak nabarmendu zituzten, ikaskuntza-ingurune hurbilaren balioa, diziplina anitzeko taldeen sendotasuna eta asistentzia-gaitasun handia eta ikerketaren aldeko apustu sendoa uztartzen dituen erakunde batean trebatzearen abantailak nabarmenduz, besteak beste.

Aurkezpenaren ostean, bertaratutakoek AUO Txagorritxu, AUO Santiago, AUO Kanpo Kontsultak, Lakuabizkarrako Osasun Zentroa eta Arabako Ospitale Psikiatrikoa bisitatu zituzten. Unitateetan barrena egindako ibilbidean, etorkizuneko egoiliarrek kafe bat partekatu zuten Arabako ESIko langileekin. Solasaldi lasaiak zalantzak argitzeko eta harremanak modu informalean estutzeko aukera eman zuen bisitekin jarraitu aurretik.






























