Loaldiko apnea eta zurrunga posizionalen tratamendurako gailu baten sorreran parte hartu du ArabaESIk
Araba ESIko Loaren Unitateak eta Bioarabak loaldiko apneak eta zurrunga posizionalak tratatzea helburu duen Somnibel gailuaren garapen-prozesuan parte hartu dute
Somnibel proiektua 2010ean abiatu zen nazioko zein nazioarte mailako patente batekin, eta Sibelmed-eko I+D+i departamentuak garatu du, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuaren, Araba ESIko Loaren Unitatearen eta Lleidako Arnau Villanovako Unibertsitate Ospitalearen lankidetzaz.
Somnibel bekokian itsasten den hamalau gramoko gailu txikia da, pazientea ahoz gora lo dagoela, bibrazio arin bat eragiten diona, une horretan duen posizioa aldarazteko. Gailu honi esker, loaldian eragina duten arnasketa-gertaerak %40 murrizten dira, hala apneak nola zurrunga posizionalak.
Bibrazio maila desberdinak ditu, eta pazientea bere aktibazioaz ez jabetzeko diseinatuta dago. Somnibel darabilten pertsonek alboko posizioan lo egiten ikasten dutela egiaztatu da, era horretara, apnea eta zurrunga kopurua murriztea lortzen dutela.
Somnibel gailua loaldiko apnea eta zurrunga posizionalen aurkako tratamendu berritzailea da, eta bestelako tratamenduekin batera zein bera bakarrik erabil daiteke. Apnea kopurua murrizteaz gain, odoleko oxigeno-asetasuna, loaren kalitatea, eguneko logura, arteria-hipertentsioa, bizi-kalitatea eta bikotekidearen atsedena hobetzen ditu. Pazienteek erraz jasaten duten gailua da, eta ez du zeharkako ondoriorik. Gainera, bere komertzializazioaren bigarren faseari ekin zaio dagoeneko.