Osakidetzak abian jarriko du AUO Txagorritxu handitzeko hurrengo fasea
Martxoan aterako du obren hasierako faserako lizitazioa. Obrei aurten emango zaie hasiera, D eremua eraberritzearekin. 16 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da
Bigarren fasean, eremu hori handituko da eta 70 milioi euroko inbertsioa zenbatesten da
Osakidetzako Arabako ESIak martxoan jarriko ditu abian AUO Txagorritxuko D eremua handitzeko lanak, Zerbitzu Orokorretako eraikin berria amaitu ondoren – 104 milioi euroko inbertsioa izan zuen. Hurrengo asteetan, lehiaketara aterako du handitze-lan horien lehen fasearen lizitazioa. Lan horien barruan, D eremuko hiru solairu eraberritzea eta Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzurako sarbide berria egitea aurreikusten da. Lehen fase horrek 15.700.000 €-ko inbertsioa izango du eta 18 hilabete iraungo ditu. Aurreikuspenen arabera, obrari urte honetako bigarren seihilekoan emango zaio hasiera, eta hiru solairu hauek eraberritzean datza:
- 1. solairua: Erradiodiagnostikoa.
- 2. solairua: Odol Bankua eta Errehabilitazioko gimnasioak.
- 3. solairua: Akutuen Dialisirako Unitate berria, Prebentzio Medikuntza eta Prebentziorako Oinarrizko Unitatea (Lan Osasuna).
Gainera, Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzurako aldi baterako sarbidea ezarriko da. Horrela, proiektua handitzeko fasearen hasieran, egungo sarrera eraitsi ahal izango da.
Eraberritze hori amaitutakoan, bigarren fasean, D eremu hori handituko da eta, horretarako, 70 milioi euroko aurrekontua zenbatesten da. Eraikin berri horretan zerbitzu hauek kokatuko dira:
- -3 solairua: Medikuntza Nuklearra, Ospitaleko Erradiofisika eta Onkologia Erradioterapikoa.
- -2 solairua: Anatomia Patologikoa eta aldagelak.
- -1 solairua: Erradiodiagnostikoa (lehen faseko instalazioak osatuko dira) eta Erresonantzia Magnetikoa.
- 0 solairua: Kardiologia, Digestio, Pneumologia, Urologia, Ginekologia eta Obstetriziako proba osagarriak.
- 1. solairua: Ginekologia eta Obstetriziarako 2 ospitaleratze-unitate.
- 2. solairua: Etxeko Ospitalizazioa, Ahoko eta Aurpegi-Masailetako Kirurgiako eta Neurofisiologia Klinikoko proba osagarriak eta bloke kirurgikorako administrazio-eremua.
- 3. solairua: 2 ospitaleratze-unitate.
- 4. solairua: Farmazia Zerbitzua handitzea eta 2 ospitaleratze-unitate.
- 5. solairua: guardiako medikuentzako gelak.
Bi faseetako obrak amaitutakoan, D eremuak guztira 35.000 m²-ko azalera izango du.
Arabako ESIa, duela 10 urte, aitzindaria izan zen Osakidetzaren ospitale-eredu berria ezartzen, Kanpo Kontsultetako eraikina eraikitzearekin. Eraikin hori Arabako Unibertsitate Ospitalea garatzeko lehen urratsa izan zen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Arabarako ezarritako osasun-arreta espezializatua berrantolatzeko Plan Estrategikoaren barruan. Arabako Unibertsitate Ospitaleak hasitako bide hori bera ari dira egiten Euskal Autonomia Erkidegoko beste ospitale handi batzuek, hala nola Basurtoko Unibertsitate Ospitaleak, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleak eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleak. Ospitale horien Kanpo Kontsultetako eraikinak eraikitzen ari dira, 277 milioi euroko inbertsioarekin.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Arabako Erakunde Sanitario Integratuaren azpiegiturak etengabe hobetzeko konpromiso irmoa dute, Arabako herritarrei kalitatezko osasun-arreta bermatze aldera. Inbertsio horiei esker, instalazioak handitu eta berritzeko aukera izateaz gain, abangoardiako teknologiak ezarri ahal izango dira, eta, hala, Arabako biztanleek osasunaren arloan dituzten premia aldakorrei erantzungo dien arreta-sistema integrala finkatuko da.