Beroaren ondorioak saihesteko gomendioak

29

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak "Tenperatura altuek EAE-ko biztanleen osasunean eduki ditzaketen ondorioak saihesteko ekintzak" izeneko plana jarri dute herritarren eskura

Gogorarazten dute komeni dela, besteak beste, prebentzio-neurri hauek hartzea, bereziki garrantzitsuak arrisku-taldeen kasuan (gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak, adingabeak eta adinekoak).

Likidoen kontsumoa:

  • Edan ura etengabe eta egun osoan, baita egarririk gabe ere, izerdiagatik galdutakoa berreskuratzen lagunduko dizu.
  • Saiatu kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak ez edaten. Ez dute egarria asetzen eta gorputzeko likido gehiago galarazten dute.

Elikagaien kontsumoa:

  • Jan entsalada, barazki eta fruta gehiago, izerdiagatik galdutako gatz mineralak berreskuratzeko.
  • Saiatu gantz edo koipe askoko janariak ez jaten eta otordu oparoak ez egiten, berora egokitzea zailtzen baitute.

Etxean:

  • Itxi leihoak eta jaitsi pertsianak, eguzkiak jotzen badu. Baliatu bero gutxieneko uneak etxea aireztatu eta freskatzeko.
  • Saiatu zu zauden gelan haizagailu bat edukitzen. Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza ur hotzarekin, aurpegia eta eskuak batez ere.

Kalean:

  • Eguzkitan egotea saihestu eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan -Kalera irten behar baduzu, jantzi txapela, eguzkitako betaurrekoak eta azala eguzkitik babesteko produktua.
  • Saiatu izerditan jarriko zaituen ahalegin fisiko handirik ez egiten, bero handieneko orduetan. Fotobabesari buruzko informazio gehiago hurrengo estekan (Gaztelaniaz).
  • Eguzkitan lan egin beste erremediorik ez baduzu, estali burua txapelen batekin, eta gorputza arropa arin eta transpiragarriarekin. Ur asko edan, 2-4 edalontzi ur orduero.

Zaindu pertsona ahulak:

  • Arreta berezia jarri ume txikietan, adineko pertsonetan eta gaixo daudenetan.
  • EZ DU geratu behar inork SEKULA aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan, nahiz eta itzalean egon.
  • Adineko pertsonek zailtasunak eduki ditzakete babes-neurriak hartzeko, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendeko direnek; beraz, egunean behin, gutxienez, bisitatzea komeni da.
  • Kontsulta ezazu osasun arloko langileekin, ordubetetik gora irauten duen eta tenperatura altuekin lotuta dagoen sintomaren bat baduzu (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea...).

Larrialdi kasuan, deitu 112 telefonora.