Vera erizaina’, lanbideari omenaldi bat
Maiatzaren erdialdean Erizaintzaren Mundu Eguna ospatu zen, eta SATSE sindikatuak ospatu nahi izan zuen Vera urtxintxarekin, Txagorritxu egoitzako Pediatria zerbitzuan ospitaleratutako umeek ondo pasa zezaten.
Kanpaina horren helburua izan zen erizainaren irudia hurbiltzea umeei eta senideei. Gainera, beste helburu bat zen gizarte osoari ikustaraztea profesional hauen lana eta garrantzia osasun sisteman: ospitaleak, osasun zentroak, kirol zentroak, gizarte-etxeak, aireportuak, lantegiak, etab. Hau da, osasuna zaintzea eta osasunaren heziketa bultzatzea beharrezkoa den leku guztietan.
Aipaturiko jardunaldian Vera urtxintxak logeletatik banatu zituen ‘Vera-ren abentura handia’ izenburuko ipuina. Ipuineko erizaina pertsonaia bitxi bat da, ez baitaki zer izan nahi duen nagusitan, eta ustekabekoz beteriko bidaia bat egin ostean aurkitzen du benetan gustatzen zaiona: erizaina izan nahi du.
Umeek parte hartu zuten jaian, eta marrazkiak, esaldiak eta olerkiak eskaini zizkieten erizainei jardunaldi dibertigarri eta hunkigarri batean. Horiek guztiak, AUO-ko hospitalandia blog-ean ikusgai daude.