Badator 24. Korrika!

Arabako ESIak martxoaren 27an hartuko du lekukoa Gasteizen, 23:10 aldera, Korrikaren 2680. kilometroan. Lekukoa Euskal Herria Bulebarra 1 helbidean jasoko da, autobus geltokiaren ondoko izkinan, parte hartzaileei 10-15 minutu lehenago bertaratzea gomendatzen zaie

Aurtengo Korrika Atharratzen hasiko da martxoaren 19an, 16:00etan, eta Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, Bilbon amaituko da martxoaren 29an, eguerdian. Bertan, beti bezala, lekuko barruan dagoen mezua irakurriko dute.

“Euskara gara” da aurtengo leloa. Mezuak adierazi nahi duena da hizkuntza garenaren parte dela eta gu euskara garela, euskarak denok elkartzen gaituela eta hizkuntzaren biziberritzearen protagonista garela.

Bestalde, aurtengo omendua Errigora da, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarra. Egin duen eta egiten ari den lanarengatik omenduko dute, babesa adierazteko eta aurrera jarraitzeko bultzada emateko.

Hori esanda, Arabako ESIak Gasteizen hartuko du lekukoa martxoaren 27an, ostirala, 23:10 aldera, 2680. kilometroa (10-15 minutu lehenago egotea komeni da). Lekukoa Euskal Herria Bulebarra 1 helbidean hartuko dugu, autobus geltokiaren ondoko izkinan.

Bide batez, Korrikan parte hartzeaz gain, Arabako ESIak profesional guztiak animatu nahi ditu euskara bere egunerokotasunean erabiltzera, osasun arreta herritarren zerbitzura jarriz eta guztion artean herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz.

Korrikaren edizio honetan gure kilometrora hurbilduz gero, edo informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitezte harremanetan Arabako ESIko Euskara Zerbitzuarekin, honako helbide honetan eta zehaztu nortzuk animatuko zareten gure kilometrora:

euskara.arabaesi@osakidetza.eus

Azkenik, gogoratu Euskara Zerbitzuak Korrika girotzeko hainbat material sortu dituela (Hitzapasak, Korrikaren lotutako Hiztegi Kutxak, Bost Minutuko Pilulak, Eroglifikoak…) eta intraneteko Korrika atalean daudela ikusgai.

Euskara Zerbitzua