Eman izena Euskaraldian eta ezagutu euskararen erabilera sustatzeko dinamikak

Euskara Zerbitzutik Euskaraldian parte hartzeko deia egin dugu eta erakundean euskararen erabilera sustatzeko dinamikak proposatzen ditu

Euskara Zerbitzukook gogorarazi nahi dizuegu Arabako ESIko langileok izena emateko esteka: (minutu bateko kontua…). Ea apirila bukatu baino lehen guztiok eginda uzten dugun! Euskaraldian izena ematea eta gure estekan izena ematea bi kontu ezberdin dira; beraz, gurea ere betetzea eskertuko genizueke: https://izenematea.euskaraldia.eus/0045ipbo/arabako-esia-osakidetza_2025/

Ahobizi eta Belarriprest txapak maiatzaren lehen hamabostaldian helaraziko dizkizuegula ez ahaztu!

Gure ESIak entitate gisa parte hartuko duenez, gurean “Euskaraldia” girotzeko dinamika posibleak labur-labur azalduko dizkizuegu, ea zuenean egitera animatzen zareten! Batzuk jada animatu dira! Gure intranetean duzue orain arte egin duguna eta dinamiken inguruko materialak eta txantiloiak, Euskaraldiako Baliabideak atalean (mintzatratuak, mintzodromoak, hiztegi kutxa, hitz-pasa edo erroska). Datozen egunetan baliabide gehiago gehitzea aurreikusten dugu.

xx

Mintzatratuak: aukeratu lankide bat (edo gehiago…) euskaraz aritzeko (euskara jakin behar duela kontuan hartu) eta tratu egingarria adostu, ez zaila edo irreala. Tratua hasi eta handik tarte batera berrikusi, zerbait aldatu nahi baduzue egiteko. Euskaraldia bukatutakoan, zoriondu zeuen burua eta tratu-laguna(k). Bide batez, ea Euskaraldia bukatuta ohitura horri eusten diozuen!

Laneko bilerak euskaraz: erabakia adostua eta egingarria izan behar da. Horretarako, zehaztu zati batzuk euskaraz izango diren ala osorik. Euskaraldiako ikurren bat ere jar dezakezue bileran, guztiok izateko gogoan. Bukatutakoan, balorazioa egin, ea gustura, eroso sentitu zareten… Gogoratu aldaketa guztiek denbora eskatzen dutela; beraz, txalotu ahalegina eta segi saiatzen!

Ariguneak: euskaraz lasai aritzeko guneak dira; beraz, ez da hain garrantzitsua euskara-maila, baizik eta jarrera. Kideak AB (Ahobizi) edo BP (Belarriprest) izan daitezke. Zuenean Ariguneak sortzeko aukera ikusten baduzue, Euskara Zerbitzukoei jakinarazi, haien ere horren berri izan dezaten.

Mintzodromoak (edo mintzakafeak edo solasaldiak): gaiak libreak dira berez (aisialdia, lan kontuak, zinema…), euskaraz lasai hitz egiteko guneak sortzea baita helburua (atseden tartea izan daiteke edo lanetik kanpo…). Hala ere, Euskara Zerbitzukoek lan esparruarekin lotutako 30 mintzagai prestatu dizkizuete, mintzagai gehiago izan ditzazuen. Aukeratu ondo unea, eta gunea ere egokitu (iragartzeko kartelak jar ditzakezue, adibidez). Hitz egin eta gozatu! Bukatzean, antolatu noiz egingo duzuen hurrengoa…

Hiztegi Kutxa: gaikako hiztegiak sortzea da erronka. Horretarako, lehenik, erabaki non jarriko duzuen hiztegi-kutxa, denon eskura dagoen leku batean ahal dela. Euskaraldiako irudiarekin apaindu dezakezue, ikusgarriago egiteko. Hori eginda, kutxa horretan egunero hitz bat sartzea da proposamena. Aste bukaeran edo zuek erabakitako unean, kutxa hustu eta collage modukoa osatu eta bistan jarri, egunerokotasunean erabiltzen ohitzeko.

Hitz-pasa edo erroska: xedea da unitatearekin edo zerbitzuarekin lotutako hiztegi teknikoa edo espezifikoa ikastea eta barneratzea. Horretarako, letra bakoitzeko hitz bat aukeratu eta definizioa edo azalpena prestatu. Zuen lana errazteko, Euskara Zerbitzukook txantiloiak prestatu dizkizuegu, zuek bertan idazteko. Nahi edo behar izanez gero, egindakoan haiei birbidali ahal diezue (euskara.arabaesi@osakidetza.eus), haiek gainbegira ditzaten.

Leku esanguratsu batean jarri bai erroskako hitz bakoitzeko definizioak edo azalpenak, bai erantzunak idazteko erantzun-orriak, langileek har eta osa ditzaten. Erantzunak gordetzeko kutxatxo bat ere prest utzi. Ea nork asmatzen dituen definizio guztiak!

Badakigu gurean zaila dela ekimen horiek guztiak antolatzea, baina baten bat egitera animatzen bazarete, argazkia egin eta Euskara Zerbitzukoei helarazi, egindako lanaren erakusgarri.

Arabako ESIan ere Euskaraldiarekin bat!

Euskara Zerbitzua