Gobernu Kontseiluak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa arautzen duen dekretua aldatu du

Dekretu berriak aukera ematen du osasun-sare asistentzial publikoko medikuak eta erizainak, hala nahi badute, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradun gisa gaitzeko

Pazientearekin lotura zuzena duten bi kolektibo dira, eta ezagutza egokia dute osasun-zainketen plangintza aurreratuari buruz aholkatzeko, betiere konfiantzan oinarrituta

Euskadin erregistratutako aurretiazko borondateen dokumentuen kopurua 50.000 ingurukoa da, eta azken urtean 9.000 inskripzio baino gehiago egon dira

Gobernu Kontseiluak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzen duen azaroaren 4ko 270/2003 Dekretua aldatzea onartu du. Aldaketa horrek Aurretiazko Borondateen agiria formalizatzeko arduradunen figura bete dezaketen pertsonen kopurua handitzeko aukera jasotzen du. Horri esker, hala nahi duten osasun-sare publikoko osasun-profesionalak, medikuak eta erizainak gaitu ahal izango dira eginkizun horretarako.

Euskadiko Aurretiazko Borondateen Agiria formalizatzeko eskubidea gauzatzeko eskaerak nabarmen handitu dira, eta dekretu berriak, hain zuzen, egoera horretara egokitzeko beharrari erantzuten dio. Euskadin aurretiazko borondateen 50.000 dokumentu inguru erregistratu dira, eta horietatik 9.000 baino gehiago 2023. urtekoak dira. Urte bakar batean, erregistratutako dokumentuen kopuruak nabarmen egin du gora: 5.300 dokumentu inguru erregistratu ziren 2022an.

Aldaketak, halaber, Osakidetzako profesionalek egin beharreko izapideak sinplifikatzea dakar.

Eskaera horiei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baliabide elektronikoak eskainiko ditu dekretu berriaren esparruan. Modu horretan, interesa duten medikuek eta erizainek Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan izena emateko eskaera ahal izango dute, arduradun gisa gaitutako pertsonen zerrendan. Hala, kolektibo hori pixkanaka sartzen hasi da aurretiazko borondateen agiria emateko eginkizunetan.

Medikuen eta erizainen kolektiboek, izan ere, pazientearekin lotura zuzena dute; beraz, ezagutza egokia dute, konfiantza oinarri gisa hartuta, osasun-zainketen plangintza aurreratuari buruzko aholkuak emateko. Horregatik, profesional horiek bitarteko bikaina dira aurretiazko borondateen etengabeko unibertsalizazioari aurre egiteko.

Horrek guztiak ez du esan nahi, noski, lehendik gaituta dauden dokumentu horiek sortzeko metodoek indarrean egoteari utzi diotela. Hiru dira: notario aurrekoa, aurretiazko borondateen erregistroko funtzionario publiko arduradunaren aurrekoa, edota hiru lekukoren aurrekoa, hain zuzen.

Aplikazio-eremua

Dekretu berriak beste berritasun bat dauka, aplikazio-eremuan zehazki. Kasu honetan, Dekretua Euskal Osasun Sistemaren erabiltzaile guztiei aplikatu ahal zaie, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnentzat soilik mugatu beharrean, aurreko dekretuak adierazten zuen gisa. Aldaketa hori egin da, hain zuzen ere, Euskal Osasun Sistemaren erabiltzaileek dokumentua Euskadiko osasun-profesionalen aurrean emateko duten eskubidea baliatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ez (hala nola autonomia-erkidegoko mugakideen kasuan).

Ordezkariaren figura

Era berean, dokumentuan izenda daitekeen ordezkariaren edo ordezkarien figurari dagokionez, onartutako dekretuak adierazten du beharrezkoa dela ordezkariak berariaz eta idatziz onartzea, ordezkari izendatutako pertsonak bere izendapena eta dagozkion eginkizunak ezagutzen dituela bermatzeko. Bestalde, berariazko onarpenarekin batera, ordezkaritzari uko egiteko aukera gehitu da.

Epeak

Oso garrantzitsua da azpimarratzea Gobernu Kontseiluak dekretu hau gaur (otsailaren 30a) onartu ondoren, EHAAn argitaratuko dela otsaileko azken astean. Horrek esan nahi du data horretatik aurrera jarriko dela martxan.

Beraz, datozen asteetan informazio egokia emango da, hala nahi duten profesionalek aipatutako gaikuntza eska dezaten.