“Itzulbide” Osakidetzako zuzendariei aurkeztu zaie

Atzo, ekainaren 12an, asteazkena, Osakidetzako Zuzendari Nagusia Juan Luis Diego Casalsek Osakidetzako zerbitzu-erakundeetako zuzendariei aurkeztu zien Itzulbide proiektua. Egitasmoaren helburua euskara-gaztelania itzulpen automatikoko laguntza-sistema eratzea da, euskara idatziaren erabilera errazteko testuinguru kliniko-asistentzialean

UPV/EHUrekin elkarlanean garatuko den proiektu horrek adimen artifizialeko teknologia berritzaileak ditu oinarri eta profesional elebidunen inplikazioa eta lankidetza beharko dira sistemaren neurona-sarea “entrena” dezaten. Hala, proiektua pilotatuko den lehen fasean, pertsonal sanitarioak idatzizko hizkuntza klinikoa emango du, hau da, modu naturalean euren eguneroko jarduera asistentzialean erabiltzen duten hizkuntza; eta testuinguru horretan nola itzuli beharko litzatekeen adieraziko dute.

Azken helburua Osakidetzan aurrerapausoak ematea da, kontsultetan euskara erabiltzea ahalbidetuko duten tresnak garatzeko etorkizun hurbilean eta euskarazko historia kliniko elektronikoaren bidez profesionalak euren artean komunika daitezen.