Kanpo Kontsultetako PEAZko langileei elkarrizketa

Araba ESIko profesionalen artean sareak sortzeko asmoz eta euskara hobetzea helburu duten horientzat zuzenduta dagoen elkarrizketa sailari hilez-hile jarraipena emateko kanpo kontsultetako PEAZ zerbitzua aurkezten dizuegu oraingoan.

 Euskararekin daukazuen harremana konpartitu nahi izanez gero posta elektronikoa bidali ahal diguzue:

euskara.arabaesi@osakidetza.eus

  1. Nola ikasi zenuen euskara?

Leticia Cibrian: Euskaltegian. Gurasoek ez dakite euskaraz eta nik A ereduan ikasi nuen. Unibertsitatea bukatu ostean, euskaltegian eman nuen izena eta 7 urtez egon nintzen euskara ikasten.

Nekane Laboa: Etxean ikasi dut. Amak, aitak eta anai-arrebek beti egin dugu euskaraz. Herriko ikastetxean, gazteleraz erakusten zuten baina lagunartean euskaraz egiten genuen.

Miren Arregi: Ama hizkuntza dut euskara. Gurasoek euskaraz egiten zidaten txikitan, eta, ikastolan, euskara soilean aritzen ginen irakasle eta ikaskideekin.

  1. Euskaraz bizi al zara? Zein esparrutan? Euskaraz bizitzeko trabak dituzu?

L: Etxean, egunero hitz batzuk euskaraz egiten saiatzen naiz alabarekin. Lanean, lankide euskaldunekin euskaraz mintzatzen saiatzen naiz. Zazpi urtetan egindako esfortzuak balio izan duela pentsatu nahi dut, eta, geroz eta soltura gehiagorekin hitz egin nahi badut, mintzapraktika egitea ezinbestekoa zait. Gainera, gure herriaren hizkuntza den heinean euskaldunok esfortzu berezia egin behar dugu euskara aurrera ateratzeko eta euskararen egoera normalizatzeko. Horretan sinesten dut eta horregatik nire alabak “D” ereduan ikasiko du.

N: Familian euskaraz bizi gara; lanean, ordea, ia gehiena gazteleraz egiten dugu. Nire herrian ez dut traba handirik euskaraz bizitzeko (Gipuzkoako herri batekoa naiz), baina, hemen, Gasteizen, euskaldun gutxi gaude, eta, askotan, gaztelerara jotzeko joera dugu. Ezezagun bati zerbait galdetu nahi diodanean Gasteizen gazteleraz galdetzen diot, nire herrian, aldiz, euskaraz.

M: Bai, orohar euskaraz bizi naiz. Gasteizen lanean hasi nintzenean, arreta deitu zidaten euskaraz hitz egiteagatik eta horrek asko mindu ninduen. Euskara inposaketa lez sentitzen dutela adierazi izan didate batzuk.

  1. Etorkizunera begira zer uste duzu egin ahal dela alor guztietan euskararen erabilera normalizatua izateko?

L: Alde batetik, haurrak “D” ereduan ikastea. Nire senarrak eta biok argi dugu gure alabak euskaraz ikastea nahi dugula. Jakin dezatela bi hizkuntzak erabiltzen normaltasun osoz. Bestalde, Administrazioan euskara bultzatzen den bezala enpresa pribatuetan ere pauso bat eman beharko litzateke euskararen alde. Adibidez: euskararen ezagutza eskatzea bezeroekin harremana duten langileei.

N: Gasteizen giroa erdalduna da eta euskaraz dakigunok gaztelerara jotzen dugu askotan. Bada, dakigunok erabiltzea litzateke normalizatzeko pauso bat. Euskaraz hitz egiten hasi eta euskaraz hitz egiteko inertzia bat sortu.

Bestalde, Administrazio publikoan, ez da nahikoa “E”  hizkia edukitzearekin. Ikasten ari direnak ere akatsak egitearen lotsak kendu eta hasi daitezela dakiten apurra erabiltzen.

M: Hainbat alor landu behar direla uste dut: Alde batetik, euskal hiztunok euskara ikasten ari direnak animatu behar ditugu, gurekin eta euren artean, lotsa gabe euskaraz hitz egitera. Bestalde, beharrezko ikusten dut herritarrengan kontzientziazio lan bat egitea: denok ulertu eta barneratu behar dugu euskaraz bizitzea eta lan egitea errespetu kontu bat dela, euskal hiztunekiko errespetua hain zuzen ere.

  1. Deskribatu azkenengo urteetako euskararen garapena Gasteizen

L: Egun, kartel publikoak bi hizkuntzatan ikus ditzakegu; merkataritza-guneetan, mezuak bi hizkuntzatan entzun daitezke; batzuetan, saltzailea euskaraz hitz egiten dizu … hori lehenago ez zen gertatzen. Nire garaian, normalena “A” ereduan ikastea zen, gaztelera zen herrian ikusi eta entzuten zena. Gaur egun, normalena, “D” ereduan ikastea da. Hori dena euskara sustatzeko modu bat da.

N: Gasteizera bizitzera etorri nintzenean (duela 20 urte) ez zen ia hitzik entzuten euskaraz. Ez zuen ematen Euskal Herrian bizi nintzenik. Orain, Osakidetzan euskara gehiago entzuten da; udaletxeko eta autobusetako informazioa euskaraz azaltzen da: administrazio publikoan, pauso bat eman da euskararen alde. Nik lortu dut, pazientziarekin eta umore onarekin, lanean euskaraz hitz egiten ez duten lankideek niri euskaraz agurtzea. Hori ere aurrerapen bat da.

M: Ez naiz Gasteizen bizi eta lantokian ikusi dudan garapenaz hitz egin dezaket soilik. Lanean hasi nintzenean lankide gutxi entzuten nuen euskaraz hitz egiten, eta, lehen aipatu dudan moduan, behin baino gehiagotan arreta deitu zidaten euskaraz aritzeagatik. Hori aldatzen ari da: geroz eta euskal hiztun gehiago gaude lantokian, geroz eta gehiago entzuten da euskara, eta, apurka-apurka, euskara ulertzeko modua hobetzen ari dela iruditzen zait.