«Lagundu» aplikazioak administrazio-izapideak errazten dizkie Arabako ESIko langileei

Arabako ESIko langileei gogorarazten diegu «Lagundu» aplikazioaren bidez kudea ditzaketela langileen arloko informazio-eskaerak edo zalantzak
2018ko maiatzaren 1etik, «Lagundu» aplikazioa Arabako ESIaren intranet-ean eskura dago, gure erakundeko profesionalek langileen arloko zalantzak argitzeko edo informazioa eskatzeko aukera izan dezaten, online bidez, Profesionalen Arretarako Unitateetara joan beharrik gabe.
Galdetegi bat betetzea bezain erraza da. Galdetegi hori Pertsonen Zuzendaritzako ataletan jasoko da, eta ahalik eta lasterren erantzungo dute, profesional bakoitzak aukeratutako bidea erabiliz: posta elektronikoa (Osakidetzakoa) edo telefonoa.
Aurrez aurreko arreta, orain arte bezala, Profesionalen Arretarako Unitatean ematen da (AUO Txagorritxuko 4. C solairuan eta AUO Santiagoko 2. C solairuan). Era berean, unitatean ordenagailu kioskoak aurki ditzakezue, Pertsonen Zuzendaritzarekin lotutako izapideak egin ahal izateko, honako ordutegi honetan: 7:45 – 10:30 | 12:30 -15: 15.
Gainera, aplikaziorako sarbidea errazteko, Arabako ESIaren Intranet-eko orri nagusiaren ezkerraldean «Lagundu» bannerra aurki dezakezue.
Profesionalen gogobetetzea
«Lagundu» aplikazioa abian jarri zenetik, Profesionalen Arretarako Unitateak 20.658 eskaera jaso ditu guztira, eta gogobetetze-inkestetan 8,46/10eko batez besteko nota lortu du azken bi urteetan. Emaitza oso ona da, eta erantzuteko azkartasuna da ondoen baloratutako itema.
Datuak Babesteko Lege Organikoaren arabera, tresna hori ezin da erabili Osakidetzaren saretik kanpo dauden ordenagailuetatik. Beraz, Arabako ESIaren ordenagailuak erabili beharko dituzue «Lagundu» aplikazioan sartzeko.
*Aplikazio hau ez da erabili behar ziurtagirien, baimenen edo lizentzien eskaerak egiteko, ezta Pertsonen Zuzendaritzari zuzendutako erreklamazioak aurkezteko ere.
Pertsonen Zuzendaritza













