Mugigela, ospitaleratzean pazienteen funtzionaltasuna hobetzeko espazioa

Proiektuaren helburua da pazienteen ospitaleratzeari lotutako galera funtzionala arintzea, ospitaleratzearen iraupena laburtzea eta egonaldi luzeko zentroetarako bideratzeak murriztea

2025eko ekainean martxan jarri zen AUO Santiagoko B pabiloiko hirugarren solairuan Mugigela, ospitaleratutako pertsonentzako jarduera fisikorako gela. Gune hau egoera hauskorrean dauden, pluripatologia duten eta egonaldi luzeak egiten dituzten pazienteen kopuruaren hazkundeari erantzuteko sortu da. Izan ere, ebidentziak erakusten du ospitaleratzean zehar dagoen inaktibitateak —batez ere adineko pertsonengan eta patologia kronikoak dituztenengan— muskulu-masaren eta funtzionaltasunaren galera bizkortzen duela. Adineko pazienteen kasuan, ohean 10 eguneko atsedena hartzeak beheko muturretako 1,5 kg-ko masa giharraren galera eta belauneko luzatze-indarraren % 15eko murrizketa ekar ditzake, sarkopenia eta autonomia-galera erraztuz.

Ikerketek erakusten dute pertsona oso adinekoetan eta ahuletan ere, indar-entrenamenduak muskulu-masa eta indarra, martxa eta gaitasun funtzionala hobetzen dituela, erortzeko arriskua murrizteaz gain. AUO Santiagon egonaldi luzeak dituzten eta pluripatologia duten pazienteen profila kontuan hartuta, garrantzitsutzat jo zen ospitaleratzean alderdi horiek lantzeko espazio espezifiko bat izatea.

Erizaintzako Zuzendaritzak gidatutako proiektu honek, Errehabilitazio eta Barne Medikuntza zerbitzuekin lankidetzan garatutakoak, helburu hauek ditu: ospitaleratzearekin lotutako galera funtzionala arintzea, ospitaleratzearen iraupena laburtzea eta egonaldi luzeko zentroetara bidalitako paziente kopurua gutxitzea. Gainera, jarduera fisikoa alta eman ondoren ere mantendu beharreko esku-hartze terapeutikoa dela indartzen du.

Bideratze-zirkuitua

Erizaintzak edo Barne Medikuntzak pazientea identifikatzen du ospitaleratzean, kontraindikaziorik ez dagoela egiaztatzen dute eta Mugigelara kontsulta-eskaera bidaltzen dute. Fisioterapeutek hasierako balorazioa egiten dute, jarduera agintzen dute eta eguneroko saio gainbegiratuak programatzen dituzte ospitaleratzeak irauten duen bitartean. Gelarainoko joan-etorria pazienteak berak egiten du bere kabuz mugitu daitekenean; bestela, familiarteko batek laguntzen dio. Kasu puntualetan bakarrik esku hartzen dute zeladoreek. Ospitaleko alta ematean, pazienteari Mugigelako alta ere ematen zaio.

Sei hilabeteko funtzionamenduaren ondoren, pazienteen harrera eta atariko emaitzak oso positiboak izaten ari dira. Hala ere, detektatu da oraindik beharrezkoa dela erizaintzatik eta barne-medikuntzatik egiten diren bideratzeak areagotzea, paziente gehiagok esku-hartze honen onura jaso dezaten; izan ere, espazio honen erabilerak modu zuzenean laguntzen du gure pazienteen autonomia eta suspertzea hobetzen.