Txerto aldaketa haurren txerto-egutegian

C serotaldeko txerto antimeningokozikoaren ordez, ACWY txerto tetrabalentea jarriko da 12 urterekin, EAEko haurren txerto-egutegian, eta, 13 eta 18 urte arteko gazteen txertaketan, ACWY txerto antimeningokoziko tetrabalente konjugatua jarriko da

Azken urteotan, aldaketak gertatu dira gaixotasun meningokozikoaren epidemiologian, eta W eta Y serotipoek eragindako kasuek gora egin dute. Europako hainbat herrialdetan gertatu da hori, eta, halaber, agerraldiak izan dira Estatu Batuetako eta Kanadako unibertsitate-eremuan,gure herriko ikasle askoren helmuga izaki hori.

EAEn, duela gutxi, W serotaldearen ondoriozko gaixotasun meningokozikoaren kasuak areagotu dira, eta nerabeengan dago arrisku handiena. Bada, ACWY txerto antimeningokoziko tetrabalente konjugatuak A, C, W eta Y serotaldeen ondoriozko gaixotasuna eta nasofaringeko eramate-tasa murrizteko orduan duen inpaktuari buruz argitaratu diren datuak (nerabeei buruzkoak, batez ere) positiboak dira.

Egoera horren aurrean, eta, Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariaren gomendioak nahiz Lurralde Arteko Kontseiluaren Osasun Publikoaren Batzordeak 2019ko martxoaren 14ko bileran “Gaixotasun meningokoziko inbasiboari aurre egiteko txertaketaren” inguruan onartutako erabakia kontuan harturik, honako neurri hauek onartu ditu Osasun Sailak:

1.- Aldaketak EAEko haurren txerto-egutegian.

2019-2020 ikasturtetik aurrera, haurren indarreko txerto-egutegia aldatuko da, eta, C serotaldeko meningokokoari aurre egiteko txerto konjugatuaren hirugarren dosiaren ordez, A, C, W eta Y meningokokoei aurre egiteko txerto tetrabalente konjugatua jarriko da 12 urterekin (2008an jaiotako haurrei).

2.- 2001aren eta 2007aren artean jaiotakoei txerto gehigarria emango zaie eskolan. Horretarako, honako egutegi hau aurreikusi da:

a) 2019-2020ko ikasturtea: 2001ean, 2002an eta 2004an jaiotakoen multzoak. Aurten, 2004ko multzoa hautatu da, eskolan 16 urterekin jartzen den txertaketa baliatzeko; izan ere, tetanoaren eta difteriaren (Td) aurkako txertoa jartzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailan.

b) 2020-2021eko ikasturtea: 2003an eta 2005ean jaiotakoen multzoak.

c) 2021-2022ko ikasturtea: 2006an eta 2007an jaiotakoen multzoak.

Bi estrategiak konbinatuta txerto-estaldura handiak lortzen badira, azkar lor daiteke immunitate komunitarioa sortzea eta gaixotasun horren kasu gehiago prebenitzea.