Araba ESIako Kirurgia Orokorreko Zerbitzuak komunikazio onenaren hirugarren saria jaso du IAAS Udaberriko Kongresuan

Alba Vázquez, mediku ondokoak, eta Araba ESIako Kirurgia Orokorreko eta Digestio-aparatuko Zerbitzuko Abdomeneko Hormaren Ataleko taldeak komunikazio onenaren hirugarren saria jaso dute apirilaren 17an egin zen Kirurgia Anbulatorioko Nazioarteko Elkartearen (IAAS) Udaberriko Kongresuan

IAAS nazioarteko elkarte bat da, eta bere helburu nagusia Kirurgia Handi Anbulatorioaren (KHA) garapena eta kalitatezko prestakuntza sustatzea da. Elkarte honek, Ambulatory Surgery aldizkari ofiziala izateaz gain, Kirurgia Handi Anbulatorioko gomendioak eta gidak argitaratzen ditu. Halaber, bi urtez behin nazioarteko kongresu bat antolatzen du, COVID-19 pandemia dela eta, aurten online egin dena.

Araba ESIako Kirurgia Orokorreko eta Digestio-aparatuko Zerbitzuko Abdomeneko Hormaren Ataleko taldeak, zeinak zerbitzuaren KHAen gehiengoa egiten baitu, kongresu honetan parte hartu du "Pandemic and Ambulatory Surgery in Alava" komunikazioarekin. Lan hau kongresuko 10 free papers onenen artean aukeratua izan zen, eta ahozko komunikazio onenaren hirugarren saria lortu zuen, Alba Vázquez-ek ahozko aurkezpena eta defentsa egin ondoren.

Pandemiak irauten duen bitartean Kirurgia Handi Anbulatorioko datuak erakusten ditu lan honek Kirurgia Orokorrean. Horren hasieran, kirurgia onkologikoak eta atzeraezinak lehenetsi ziren, eta haien baliabide batzuk, hala nola ebakuntza-gelak eta eguneko ospitale kirurgikoak, COVID pazienteak artatzeko erabili ziren. Kirurgia Handi Anbulatorioa funtsezkoa izan da hurrengo hilabeteetan jarduera kirurgikoa berreskuratzeko, eta kirurgia osoaren ehunekoek gora egin dute aurreko urtearekin alderatuta.