Araba ESIk BIKAIN ziurtagiria lortu du euskarak erakundean duen erabilera-maila, presentzia eta kudeaketarengatik

Ziurtagiri-banaketako ekitaldia Donostiako Kursaalean egin zen atzo arratsaldean, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan zen. Jon Darpónek, Osasuneko sailburuak, eta Jon Etxeberriak, Osakidetzako zuzendari nagusiak, parte hartu zuten.

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Araba ESIk ekintza eta jarduera batzuk antolatu ditu profesionalek euskara normaltasunez erabili ahal izan dezaten. Horrela, erabiltzaileen eta langileen hizkuntza-eskubideak errespetatzen dira. Aurten BIKAIN ziurtagiri beltza lortu du erakundeak (oinarrizko maila) euskarak duen erabilera-maila, presentzia eta kudeaketarengatik, dagokion ebaluaketa-prozesua gainditu eta gero.

BIKAIN (Euskararen kalitate-ziurtagiria) ziurtagiri ofizial eta publiko bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ematen du, Euskalit-Kudeaketa Aurreratuarekin elkarlanean. Ebaluaketa horretarako ezarrita dagoen neurri estandarra Erreferentzia Marko Estandarra da (EME), lau ardatzez osatutakoa: Erakundearen komunikazioa eta kanpoko irudi korporatiboa, kanpoko harremanak, barneko harremanak eta hizkuntza-kudeaketa.

BIKAIN ziurtagiriak hiru maila ditu, eta horien artean Araba ESIk ziurtagiri Beltza lortu du (oinarrizko maila), 1000 puntuko gehieneko puntuazio batetik 200 eta 399 puntu lortuta. Horrek esan nahi du betetze-maila % 100ekoa izan dela. Araba ESI oinarrizko mailaren goiko aldean geratu da, 350 eta 399 arteko puntuazioarekin.

Uneotan bigarren euskara-plana garatzen ari da Osakidetza, 2013-2019 aldirako. Hiru printzipiotan oinarritzen da: hizkuntza-eskubideak, zerbitzuaren kalitatearen hobekuntza eta entitatearen euskararen normalizazio-prozesu guztietako progresibotasun-printzipioa. Plan honek zehazten du helburu gisa Osakidetzako erakunde guztiek Bikain ziurtagiria eskuratu behar dutela.

Araba ESIk euskararen erabilera sustatzen du erakundeko kudeaketa-planeko ildo estrategiko guztien bidez, horrela bere konpromisoa erakutsiz. Proiektu garrantzitsu honetako helburua lortzeko ezinbestekoa izan da zuzendaritzak, euskara-zerbitzuak eta Araba ESIa osatzen duten langile guzti-guztiek erakutsi duten inplikazioa.