Arabako ESIak, Lo Espezialitate Onenaren kategorian, saria jaso du

Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionalak jaso du saria, bigarren urtez jarraian, pazienteei laguntzeko Loaren Unitaterik onena dela sendotuz

Best in Class sariak Gaceta Medicok sustatutako ekimena da, Wecare-U Komunikazio Taldearen eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Berrikuntza eta Kudeaketa Sanitarioko Katedraren argitalpena. Lehen Mailako Arretako zentrorik onena, ospitalerik onena eta lurralde nazionaleko zerbitzu eta unitaterik onenak, publikoak zein pribatuak, publikoki aintzatestea dute helburu, pazienteei ematen dieten arretan bikaintasuna bilatzen baitute. Best in Class 2024 sariak irabazi dituzten erakundeen izenak atzo eman ziren ezagutzera, Madrilen egindako gala batean.

Azken urteotan, unitatea 15 proiekturekin nabarmendu da estatuan eta nazioartean, eta aintzatespenak jaso ditu, hala nola Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak (SEPAR) emandako lehen SEPAR pazienteen saria 2019an, eta SEPAR-en berrikuntza- eta kalitate-proiektu onenaren bigarren postua 2022an.

Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionala 25 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, eta, zeharka, 9 espezialitate baino gehiagorekin lan egiten du (Pneumologia, Neurofisiologia, Pediatria, Psikiatria, Otorrinolaringologia, Aurpegi eta Masailetako Kirurgia, Neurologia, Kardiologia eta Odontologia, besteak beste), kudeaketa aurreratuko estrategian laguntzen. Loaren Unitate Funtzionalak 10.000 paziente artatzen ditu urtero eta 5.000 proba diagnostiko inguru egiten ditu. Halaber, Osakidetzaren sarean insomnioaren Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) funtzioa betetzen du. Era berean, Gasteizko Udalaren hezkuntza-programetan aktiboki parte hartzen du duela 10 urte, ikastetxeetan loak duen garrantziari buruzko hezkuntza emanez eta hainbat unibertsitatetako programa akademikoetan lagunduz. Nazioarteko profesionalen egonaldiak ere hartzen ditu unitateak, Argentina, Mexiko, Kolonbia eta Australiatik datozenak, besteak beste.

ISO 9001 eta Konplexutasun Handiko Diziplina Anitzeko Unitatearen akreditazioa ditu, SEPAR-en bikaintasun-mailarekin. Gainera, taldeak loaren medikuntzan espezializatutako ezagutzak ditu, eta Europako zein Espainiako akreditazioak ditu (FESMES).